Moapics Design&Store Singular Dendak zigilua lortzeko prozesuan sartu da
Udalaren eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren arteko hitzarmenaren esparruan, hainbat ekintza egin ziren, Eibarren Singular Dendak kalitate-bereizgarri berezia duten saltokiak bultzatu eta indartzeko, eta aurten beste denda bat sartu da zigilua lortzeko prozesuan: Moapics. Udalak hasieratik egin du bat Eibarko merkataritza-establezimenduak profesionalizatzea, bereiztea eta posizionatzea helburu duen Singular Dendak ekimenarekin. Eibarren gaur egun 22 establezimendu daude ekimenari atxikituta, kalitateagatik eta eskaintzen duten zerbitzuagatik bereizteko helburua dutelako.
Saltoki berriak erakartzeaz gain, ekimen honen bidez lehendik martxan dauden dendei formazioa eta etengabeko hobekuntza ere eskaintzen zaie. Horrela, 2023an hainbat ekintza egin ziren helburu hori lortzeko: “Bost online-tailer antolatu ziren saltokientzako garrantzitsuak diren gaiei buruz, hala nola markaren komunikazioa, Instagramen erabilera, aukera-berdintasuna eta jasangarritasunaren lekua merkataritzan; argitalpenak egin ziren sare sozialetan eta Singular Dendak proiektuaren webgunean, ekimenaren balioak sustatu eta hedatzeko; aholkularitza pertsonalizatua eman zitzaion denda bakoitzari, eta banakako laguntzarako 12 ordu eskaini ziren urtean zehar”.