Multikirolak proiektuak jarraitu egingo duela bermatu die alkateak ikasleen familiei

Erain elkarteari konfiantza-marjina eskatu dio denon artean egoera konpontzeko
Multikirolak proiektuak jarraitu egingo duela bermatu die alkateak ikasleen familiei
2024/06/03 17:08
eta kitto!

Joan den astean Eibarko ikastetxeetako ikasleen gurasoek kezka adierazi zuten Multikirolak proiektuaren harira eta Jon Iraola alkateak gutun bitartez erantzun die. Bertan azaltzen duenez, “Multikirolak proiektuarekiko Udal honek duen eta nik neuk, alkate naizen aldetik, dudan konpromisoa berretsi nahi dizut”, igortzen dio Erain elkarteko ordezkariari.

Alkateak maiatzaren 6an egindako bilera gogoratzen du gutunean eta bilera horretan gai hauek landu direla aipatzen du: “Gurasoentzako 2023/24 dirulaguntza izendunen gestioa ahalik eta azkarren egitea, Udalak Athlon kooperatiba kontratatzea, eta Eibarko Udalaren eta Erainen artean hitzarmen bat sinatzea”. Alkateak dioenez, maiatzaren 21ean eta 30ean beste bi bilera egin zituzten gai horiek aztertzeko.

 

Alkatearen eskaerak

Gauzak horrela, zera argitu nahi du Iraolak: “Udalak inoiz ez dio bere erantzukizunari uko egin eskola-kirolaren gestioan; maiatzaren 6an eta 21ean egindako bilerek erakusten dutenez, ez da babes teknikoa galdu, aurki Athlon kontratatuko baita, ezta Udalarekiko elkarrizketa ere, zuen esanetara bainago gaiari dagokion edozein kontu aztertzeko; hilabete honen erdialdeari eta behin aurrekontua onartuta,23/24 ekitaldiko dirulaguntza izendunen ordainketa premiazko izaeraz ari dira izapidetzen, eta guraso elkarteek dirulaguntzaren justifikazio-dokumentazioa noiz aurkeztu zain daude; Laster Udala-Erain Hitzarmenaren zirriborro bat bidaliko diogu Eraini , edukia aztertu eta sinatzeko, baina prozesua, tamalez, ezingo da amaituta egon maiatzaren 31rako (Erainek maiatzaren 21ean Udalean aurkeztutako idatzian eskatzen zuen bezala), ez dagoelako denborarik, baina bai ahalik eta azkarren, maiatzaren 6an hitzeman nuen bezala; eta klubei egin beharreko22-23 ikasturteko dirulaguntzaren ordainketa ez da egin, besteak beste, klubek ezin izan dituztelako egindako gastuak egiaztatu (hau derrigorrezkoa da) eta momentu honetan arazo juridiko hori konpontzen saiatzen ari gara”.

Gutun horren bitartez, zera nahi du alkateak: “Multikirolak programaren inguruan Udala, gainerako erakundeekin batera, egiten ari den gestioak zehaztea; familiak lasaitzea eta Eraini berme finantzario eta teknikoak ematea, Multikirolak proiektuarekin 24-25 ika3turtean eta hurrengoetan jarraitzeko; eta Eraini konfiantza-marjina bat eskatzea, egiten ari garen lanak fruituak eman, denon artean egoera konpontzeko, eta horregatik, matrikulazio-prozesua berehala eta normaltasunez hastea”.