Eibarko Guraso Elkarteek mezu bateratua zabaldu dute familien artean Eskola Kirolaren egoera larria azaltzeko

Hezkuntza Ez Formaleko Eibarko Erain Elkartea osatu dute Guraso Elkarteek
Eibarko Guraso Elkarteek mezu bateratua zabaldu dute familien artean Eskola Kirolaren egoera larria azaltzeko
2024/05/28 18:00
eta kitto!

Herriko ikastetxeetako guraso elkarteak egitura batean bildu dira, Eibarko haurrentzako kirol-jarduerak berritzeko eta hobetzeko prozesuan modu eraginkorrean lan egiteko asmoz. Hezkuntza Ez Formaleko Eibarko Erain Elkartea izenarekin jarduten dute orain, eta herriko 2.000 ume ingururen familiei Eibarko Multikirolak proiektuaren egungo egoera azaltzen duen gutuna bidali diete egun hauetan.

Gutunean azaltzen dutenez, “duela bi urte ekin genion Eibarren gure haurrentzako kirol-jarduerak berritu eta hobetzeko prozesuari. Proiektu honek egitura eta finantzaketa arazo larriak konpondu nahi zituen, egungo gizartearen erronketara egokitu eta gure komunitateko haur guztientzako proposamen aberasgarri eta erakargarria eskaini”.

Urte bi hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eibarko Udalarekin batera Eibarko eskola kirolaren mahaian egin dute lan eta, adibidez, Udalak Kirol Patronatuak 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan Guraso Elkarteekin pilatutako zorra kitatzea lortu zuten.

 

Oztopo nagusiak

Aurtengo urtarrilean, ostera, 2024-2025erako Multikirolak proposamen berritua lantzen hasi ziren, “Eibarko haurren beharrei egokituta”, baina aurrera egiteko oztopoak aurkitu dituzte eta ikasleen gurasoekin partekatu nahi izan dituzte.

Lau oztopo nagusi aurkitu dituzte. Batetik, “urtarrilaren 30etik aurrera, eskola kirolaren mahaia geldirik dago. Izan ere, udalak, koordinazioaz arduratzen den erakundeak, erantzukizun horri erantzuteari utzi dio kirol teknikariak lanpostua utzi zuenetik. Lanpostu hori ez da ordezkatu”, euren berbetan. Bigarrenik, laguntza teknikoa eta Udalarekiko interlokuzioa galdu dutela diote. Hirugarrenik, klubek iazko lanagatik jaso beharreko ordainketarik ez zutela jaso jakinarazi diete. Eta laugarrenik, zera aipatzen dute: “Eibarko Lehen Hezkuntzako 7 ikastetxeek osatutako egitura berria kudeatzen hasteko behar den finantzazioa ez da iritsi, eta ez dago baieztatuta iritsiko denik. Hala, ez dago hurrengo edizioa kudeatzeko gaitasunik”.

 

Irtenbide baterako proposamenak

Erain elkarteak dioenez, “arazo horiei irtenbidea bilatzeko eta Multikirolak proiektuak aurrera egingo duela bermatzeko konpromisoa hartu dugu”. Horregatik, Alkatetzari honakoa eskatzen diete: “Eskola Kirolaren Mahaia koordinatuko duen eta kirol eta eskola kiroleko teknikariaren erantzukizunak garatuko dituen solaskide teknikoa berehala izendatzea. Eta Guraso Elkarte guztiek osatzen duten ERAIN egiturarekin lehenbailen hitzarmena sinatzea, 2024 - 2025 ikasturtea koordinatzeko”.

Momentuz ez dute eskaera hauen erantzunik jaso eta, horregatik, zera helarazten die ikasleen gurasoei: “espero dugu ulertuko duzuela une honetan ez dagoela behar adinako bermerik, ez finantza arloan ez eta maila teknikoan ere datorren ikasturteko izen-ematea abiatzeko”.