“Museoko ertz zorrotzak” erakusketa zabaldu dute Eibarko Armagintzaren Museoan
Eguenaz geroztik, Museoko ertz zorrotzak izenburuko erakusketa bisitatu daiteke Eibarko Armagintzaren Museoan. Bertako arduradunen berbetan, “euskal armagintza ezaguna da suzko armen ekoizpenagatik, baina arma zuriak ere ekoitzi ziren, nahiz eta lehenengoak bezain ospetsuak ez izan. 1914ko ekainaren 24an Eibarko Armeria Museoa, gaur egungo Armagintzaren Museoaren oinarria, inauguratu zenean, baziren arma zuri horietako batzuk haren funtsen artean. Oraingo honetan, arma zuriak museoko biltegietatik atera dira, aldi baterako erakusketa batean ikusgai egoteko”. Museoko bilduman pieza bakar batek dauka Eibarko zigilua estanpatuta, baina Eibarren egindako hainbat pieza lokalizatu dituzte Euskal Herriko beste bilduma batzuetan, Arabako Arma Museoan eta San Telmo Museoan, hain zuzen ere: “Horrek aukera ematen du hemengo tailerretatik ateratako armamentuaren ikuspegi osoagoa eskaintzeko”. Iker Alejok eta Francisco Peña Castresanak komisariatu dute erakusketa, eta Jose Maria Pelaéz Valleren laguntza ere izan dute.
Inaugurazio ekitaldian, bestalde, erakusketako parte diren arma, sable eta baioneten erreplikekin esgrima historikoaren erakustaldia egin zuten, Gasteizko CSE Esgrima Klubeko eta Donostiako Ignota Arma Aretoko kideei esker.
Urriaren 20ra arte bisitatu daiteke erakusketa eta sarrera doan da.