Musikaz eta jai-giroaz beteko da Untzaga zapatuan, Gazte Egunaren harira

Musikaz eta jai-giroaz beteko da Untzaga zapatuan, Gazte Egunaren harira
2026/02/05 13:47
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Musikaz beteriko Gazte Eguna antolatu dute zapatu honetan IPQ kuadrillak eta Eibarko Udalak Untzaga plazako karpan. Hiru kontzertuz osatutako egitaraua izango da, gazteentzako aisialdi-eskaintza zabaltzeko eta herriko jai-giroa indartzeko helburuarekin.

Eguerdiko 12:00etan emango diote hasiera festari, txosnaren irekierarekin. Kontzertuak arratsaldean hasiko dira, 19:00etan, Rock You taldearekin. Rock eta rock-pop estiloak lantzen dituzte, ingelesez zein gaztelaniaz egindako bertsioekin. Antolatzaileen esanetan, “rock hutsa, betiko klasiko handiez gozatzeko”.

Ondoren, 23:30ean, Los Zopilotes Txirriaos talde nafarraren kontzertua izango da. Taldeak sortu duen “Napar-Mex” estiloak Mexikoko rantxera klasikoa eta Nafarroako rock eta punkaren indarra uztartzen ditu, antolatzaileen arabera, “fusio perfektuan”.

Azkenik, 01:30ean, Iker Rodriguez “DJ Roka” berriztarraren txanda izango da. Musika urbanoaren klasikoak eskainiko ditu, besteak beste, Tego Calderon, Don Omar, Ñengo Flow, La Mafia del Amor, Tito el Bambino eta Plan B taldeen abestiekin.