NAIARA SARASKETA: “Oso irudi geometrikoak egitera ohituta nago eta proiektu hau nire mundu karratutik irteten zen”
Aste honetan hasi dira Antzerki Jardunaldiak Toni Acosta aktoreak eta Juan Carlos Rubio zuzendariak Irene Hernando aktore eibartarrarekin martitzenean izan zuten solasaldiarekin. Aurten, jardunaldiak iragartzeko, Naiara Sarasketak egindako kartela erabili dute, arte plastikoak eta arte eszenikoak maisuki uztartuz.
Ez da lehen aldia Naiara Sarasketaren kartel batek herriko jai edo ekintza kultural bat iragartzen duena. Diseinatzaile grafikoa da Sarasketa eta ohituta dago irudiekin jolastera, baina oraingoan are gehiago landu du arlo artistikoa eta esangura berezia eman dio gurean hain ikonikoa den ekintza kulturalari.
Nola sortu zitzaizun Antzerki Jardunaldien kartela egiteko aukera?
Udaleko kultura sailetik deitu zidaten proposamena eginez. Itxura denez, Eibarko artista batek egin ohi du Antzerki Jardunaldien kartela, urte batean gizonezko batek eta hurrengoan emakumezko batek, txandaka. Primeran dago, arte plastikoak eta eszenikoak uztartzen dituztelako. Bestalde, egia ere bada Eibarko Antzerki Jardunaldiak hemendik kanpo iragartzera joaten direnean hemengo kartelek atentzioa ematen dutela, besteak adimen artifizialarekin edo dena delakoarekin eginda egoten direlako. Hemen herriko artistei ematen zaie aukera. Oso pozik hartu nuen proposamena. Lanez gainezka nenbilen, baina egin beharreko zerbait zela ikusi nuen.
Zer lortu nahi zenuen?
Kulturakoei zirriborro batzuk erakutsi nizkien zenbait ideiarekin eta luze mintzatu nintzen horiek azaltzen. Hasieran isil-isilik geratu ziren, baina gustatu zitzaiela esan zidaten eta zirriborroetatik zerbait finkoagoa garatzen joan nintzen. Eskuz egindako kaligrafia erabili nahi nuen eta, orokorrean, esku kutsua eman nahi nion. Antzerkian pertsonak beste pertsona batzuentzat antzezten ari dira, eta hori islatu nahi nuen.
Zirriborroetatik azken emaitzara alde handia egon da?
Bai! Hori bai, ideia nahiko antzekoa zen. Diseinatzaile grafikoa naiz eta oso irudi geometrikoak eta bektorialak egitera ohituta nago, eta proiektu hau nire mundu karratu horretatik irteten zen. Orduan, antzerki grekoari begira, musak etorri zitzaizkidan burura eta emakume bat irudikatu nahi izan nuen. Antzerkia barrenetik ateratzen dena kanporatzea da eta, beraz, emakume horri teloi moduko bat zabaltzen zaio ikusleari ongi etorria emanez. Bestalde, forma arkitektoniko eta eskultorikoak ere gustatzen zaizkit, eta hortik datoz eskuak edo maskara afrikar bat, adibidez. Modernismo kutsuak ere baditu. Uste dut ikusten dela diseinatzaile grafikoa naizela (barreak).
Nola sentitu zara kartela egiten?
Modu naturalean hartu dut. Izan ere, asko pentsatuko izan banu, ikusiko nuke toki askotan erakutsiko dela, baita Eibartik kanpo ere. Oso gustura hartu dut. Gainera, Kultura sailekoekin oso hartu-eman ona eduki dut. Lan asko egitera ohituta nago eta beste lan bat gehiago izan da, baina egia da maitasunarekin egiten duzula, herriko gauza bat delako. Gainera, Antzerki Jardunaldiak oso ikur garrantzitsuak dira. Agian ohituta gaude, baina izen eta antzezlan handiak etortzen dira Coliseora.
Antzerkia gustuko duzu?
Bai. Ez naiz asko joaten, baina kuadrillan beti dago baten bat antzerkira joateko plana proposatzen duena eta beste guztiak animatu egiten gara. Aurten, kartela zer iruditzen zitzaien galdetu diet eta eurak: “Zein antzezlan ikustera joango gara?”. Aizue! (barreak) Azkenean, hiru antzezlan ikustera joango naiz. Gainera, Ane Pikaza aktorea laguna dut eta ikusteko aukera izango dut.
Ez da zure kartelak herriko hormetan ikusten ditugun lehen aldia.
2001ean eta 2021ean San Andres jaietako kartel-lehiaketa irabazi nuen, eta txikitatik Dibujo eta Margo Eskolan ibili izan naizenez, lehiaketaren bat ere irabazi nuen orduan. Kartelak asko gustatzen zaizkit, asko gustatzen zaidan formatua da.
Zure ohiko lanaren zurruntasunetik irteten laguntzen dizulako agian?
Kartelek ilustraziorako joera edukitzen dute. Egia da nik beti joera hori izan dudala, ilustrazioa asko gustatzen zaidalako, eta lan askotan beti erabiltzen dut eskuz egindako zerbait. Ez naiz ilustratzailea, baina asko gustatzen zait. Eskuz diot, baina iPad-a erabiltzen dut. Oso erreminta ona da, baina egia da arkatzak paperaren gainean kras-kras egiten duenean sentitzen duzun hori beste kontu bat dela.