Nerea Ariznabarretak Etxepare Saria irabazi du Mamuki albumarekin
Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak irabazi dute atzo Burlatan banatu zen Etxepare 2024 Saria. Bikoteak Mamuki izeneko album ilustratuari esker lortu du garaikurra eta, horrekin batera, sariaren 5.000 euroak.
Mamuki beldurrari buruzko album ilustratua da. Istorioa Gau Beltzean garatzen da, non mamuek bizidunak beldurtu behar dituzten. Mamuki mamu txikia, ordea, gaixorik dago, eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatu dira hura sendatzen, baina alferrik. Azkenik, munstroak eta piztiak batu egiten dira, eta ustekabeko irtenbidea ematen diote mamutxoaren arazoari.
Epaimahaia osatu duten Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak azaldu duenez, Rosenderen eta Ariznabarretaren lana “bikaina” da. Besteak beste, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa “aparta” da, eta hala testuaren nola irudien paralelismo jolasak eta soiltasuna ere nabarmendu dituzte.
Ipuin kontalaria eta antzerkigilea
Ariznabarreta ipuin kontalaria eta antzerkigilea da, besteak beste. Londresen eta Berlinen egin ditu ikasketak, Zurrumurru izeneko konpainia sortu zuen 2008an, eta Naita Produkzioak izenekoa, berriz, 2017an.