Nerea Ziaran, udan sorosle: "Igeriketa gustoko izatean niretzat lan egokia ikusten dut"
- Aurretik sorosle lanetan jardundakoa zara ala lehen aldia da aurtengoa?
Lehenengoz dihardut sorosle modura beharrean, orain arte ez dut aukerarik izan adin-txikikoa nintzelako, baina aurten 18 urte bete ditut eta, beraz, lanpostua betetzeko aurkeztu nintzen eta horretan dihardut, hondartza denboraldia datorren astean agurtu arte.
- Zergatik sorosle izateko gogo hori?
Aurreko urteetan ahizpak horretan beharra egin zuen eta, bere esperientzia ondo ezagutu eta gustokoa nuenez, nik ere horretan jarduteko gogoa nuen. Gainera, igeriketa eta horrekin lotutako guztiak asko gustatzen zaizkit eta niretzat lan egokia izango zela pentsatzen nuen. Sorosle guztiek ez dute zertan igerilari trebeak izan, ez da derrigorrez bete beharreko baldintza, baina uste dut horrelako beharrean jarduteko oso komenigarria dela igerian ondo moldatzea, batez ere inoiz norbait itsasotik ateratzea egokituz gero norbera uretan ondo moldatzea garrantzitsua delako.
- Eta denboraldia amaitzeko egun batzuk baino falta ez diren honetan, nolako uda izan duzu?
Orohar nahiko lasaia izan da, ez da aparteko gertakaririk izan eta, jakina, geratzen diren egun hauetan horrelakorik ez izatea espero dut. Batez ere ziztadaren bat jaso dutenek etortzen zaizkigu, zauriak-eta sendatzera. Ia egunero marmokek edo hondar azpiko salbelaren batek ziztatutako norbaiti zauria osatu behar izaten diogu, baina ez dira kontu larriak izaten, minutu gutxitan egiten ditugu horrelakoak. Hortik aparte, lantzean behin zorabioren bat edo besteri aurre egin behar izaten diogu, batez ere bero handia egiten duenean. Oso gustura nabil, hurrengo urtean ere errepikatzeko aukera izatea nahiko nuke.
- Larrialdiak albo batera lagata, nolakoa da eguneroko beharra zure moduko sorosleentzat?
Ezer baino lehen, 10.30ak edo 11.00ak aldera txanda bete behar dugun sorosle guztiak postuan batzen gara, dena prestatzeko. Denera hamalau soroslek dihardugu beharrean, zazpi lagunetako talde bitan banatuta. Postuan dena prest dagoenean, hondartza "zabaldu" egiten dugu megafonia bidez. Hortik aurrera hondartza poliki-poliki betetzen joaten da eta guk bertan ematen dugu eguna, batzuk jende artean pasiatzen, beste batzuk dorretik dena kontrolatzen, beste batzuk postuan… Gutariko bakoitzak zeregin guztietan jarduten du, ordu erdiro txandakatzen joaten gara-eta.