Nestor Perez Valenciagaren logotipoa aukeratu du Arrate Kultur Elkarteak
Arrate Kultur Elkarteak aurrerantzean bere logotipoa izango dena aurkeztu du gaur (eguaztena, hilak 18) Topalekuan: Nestor Perez Valenciagak egindakoa aukeratu dute logotipoa hautatzeko antolatu zuten lehiaketara aurkeztutako 37 proposamenen artean. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, "logotipo berria aukeratzeko lehiaketa antolatzea erabaki genuen eta, aurkeztutako lanak erakusketan ikusgai ipini genituen hamabost egunez, Arrate Kultur Elkarteko bazkideek horiek ikusi eta boto bidez gehien gustatzen zitzaiena aukeratzeko. Hasierako asmoa hori zen, baina erakusketa zabaldu eta bazkide ez zirenek ere botoa eman nahi zutela ikusita, eurei ere horretarako aukera ematea erabaki genuen, nahiz eta azken horien botoak ez diren binkulanteak izan irabazlea aukeratzeko orduan". Edozein modutan ere, azaldu dutenez, bazkideen botuak zenbatuta logotipo irabazlea Nestor Perezena izan da eta, bestela ere, bazkide ez zirenetako askok horri eman zioten botua. Logotipoarekin batera horri buruzko azalpen laburra aurkeztu zuen egileak eta bertan esandakoa "asko gustatu zitzaiela" gaineratu dute. Lehiaketa irabazi duen logotipoa Arrate Kultur Elkarteak orain dela gutxi egin duen batzarrean berretsi zuten bazkideek eta orain "erronka jendeak logotipo berria ezagutzen joan eta Arrate Kultur Elkartearekin identifikatzea" dela diote. Besteak beste, logotipoa Kulturalak dauzkan ia 300 bazkideentzat egingo diren karnetetan erabiltzeko asmoa daukatela aurreratu dute. Irabazleak 1.000 euroko saria jaso du, baina hartu eta berehala dirua beste norbaiti emango diola adierazi du: "Ohore handia da Arrate Kultur Elkarteak nire logotipoa aukeratu izana eta, hori nahikoa sari da niretzat. Horregatik sariarekin irabazitako dirua Amañako neska bati, Fibrodisplasia Osifikatzaile Progresiboa izeneko gaitza duen Iratiri ematea erabaki dut".