‘No estás loca’, indarkeria bikarioaren ahotsak entzuteko dokumentala

Coliseo antzokian izango da ikusgai, azaroaren 22an (20:00etan) eta azaroaren 24an (19:30ean)
‘No estás loca’, indarkeria bikarioaren ahotsak entzuteko dokumentala
2025/11/21 11:06
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Azaroaren 25aren inguruan egingo diren ekimenen testuinguruan, Amakin Eibar elkarteak “No estás loca. La verdad sobre la violencia vicaria” dokumentala ekarriko du Coliseo antzokira: azaroaren 22an (20:00etan) eta azaroaren 24an (19:30ean). Maria Bestar zuzendariaren lana da, eta indarkeria bikarioa — genero indarkeria mota bat da, emakumeei kaltea edo mina eragiteko asmoz, haien senide edo hurbileko adingabeen aurka erabiltzen dena— argitara ateratzea eta gizartearen begiradaren erdigunean jartzea du helburu.

Bestarren arabera, dokumentalaren abiapuntua bere esperientzia pertsonala izan zen: «Ni ere indarkeria bikarioaren biktima izan nintzen. Dokumentala sortu aurretik izen bereko film laburra proiektatu nuen bakoitzean, ama eta adingabe askok aitortzen zidaten eurak ere antzeko egoerak bizi izan zituztela. Orduan konturatu nintzen film labur batek ez zuela nahikoa ematen, eta beharrezkoa zela testigantza gehiago bildu eta dokumental formatuan sakontzea», azaldu du.

Sortze prozesuan zehar, zuzendariak gogorra izan dela onartu du, batez ere beste emakume batzuen bizipenekin berea gurutzatzeak sortu duen zama emozionalagatik: «Besteen istorioetan zeure burua ikustea suntsitzailea da. Eredu berbera errepikatzen da ia beti, gripe baten moduan: sintomak oso argiak dira, berdintsuak, baina inork ez ditu garaiz diagnostikatzen», adierazi du.

Biktimen testigantzak

Dokumentalak informazioa eta prebentzioa jartzen ditu erdigunean. Bestarren hitzetan, gakoa da ikusleak ulertzea indarkeria bikarioa ez dela erailketara mugatzen: «Jendeak egia ezagutuko balu –ez bakarrik gertaera lazgarrienak, baizik eta aurretik gertatzen den guztia–, pertsona asko bizirik egongo lirateke», dio.

Lanak –biktimen testigantzen eta adituen ekarpenen bitartez indarkeria bikarioaren alde ezezaguna azaleratzen du: manipulazio psikologikoa, isolamendua, umeak mendeku edo kontrol tresna gisa erabiltzea, eta emakume askok pairatzen duten bigarren mailako indarkeria instituzionala. Eibarren egingo diren bi emanaldiek gogoeta soziala eta kontzientziazioa sustatzeko aukera eskainiko dute.