Oier Araolaza, Kezka: “Urtero gazte berriak datoz, eta memoria ariketa hori egin behar dugu”

Kezka dantza taldeak ‘Gerrako ibilerak dantzan’ ikuskizuna eskainiko du zapatuan, maiatzak 30, Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite diskoa oinarri hartuta. 300 dantzarik eta zuzeneko musikak bat egingo dute 36ko Gerraren memoria, komunitatea eta euskal kultura uztartuko dituen emanaldian.
2026/05/28 13:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Musika, dantza eta memoria historikoa uztartuko dituen emanaldi berezia hartuko du Untzaga plazak datorren zapatuan. 61. Euskal Jaiaren barruan, Kezka dantza taldeak “Gerrako ibilerak dantzan” ikuskizuna eskainiko du, Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite diskoa oinarri hartuta. 36ko Gerraren memoria plazara eramango duten ikuskizuna izango da, baina baita komunitatea, transmisioa eta herri kultura ospatzeko ekitaldia ere.

Ideia ez da berria. Oier Araolazak azaldu duenez, proiektuaren lehen haziak duela urte batzuk erein zituzten Juan Antonio Urbeltz Argia Dantza Taldeko zuzendariarekin batera. Tapiaren diskoak dantzarako aukera handiak eskaintzen zituela ikusi zuten hasieratik. “Batetik, gure historiarekin eta memoriarekin oso lotuta dagoen lana da; bestetik, piezak oso dantzagarriak dira”, azaldu du.

Garai hartan proiektua martxan jartzea posible izan ez bazen ere, ideia ez zuten inoiz albo batera utzi. “Karpeta batean gordeta geratu zen, baina beti izan dugu buruan”, dio Araolazak. 36ko Gerraren 90. urteurrena iritsi denean ikusi dute momentua heldu dela proiektua berriz mahai gainera ateratzeko. Gainera, aurten bertan 25 urte betetzen dira Agur Intxorta Maite diskoa argitaratu zenetik. “Joseba Tapiak egin zuen lana zoragarria da, eta urte guzti hauen ondoren ere guztiz indarrean dago”, nabarmendu du.

Oier Araolaza, Kezka Dantza Taldeko kidea.
Memoria ariketa kolektiboa

Ikuskizunaren helburu nagusietako bat memoria historikoa belaunaldi berriei transmititzea da. Antolatzaileen ustez, Eibarren badago 36ko Gerraren inguruko kontzientzia handia, baina transmisioa etengabe berritu behar dela uste dute. “Urtero gazte berriak datoz, eta memoria ariketa hori egin behar dugu”, azaldu du Araolazak.

Eibar eta ingurua gerraren erdigune izan ziren hilabete luzez. Kalamua, Akondia eta Intxorta inguruan bataila gogorrak izan ziren, eta herriak gertutik bizi izan zuen frontearen errealitatea. Hori guztia dantzaren bidez gogoraraztea eta gaur egungo herritarrengana ekartzea da asmoa. “Dantzaren bidez memoria hori transmititzea beste aukera eder bat da”, dio.

Baina emanaldiak ez dio iraganari begiratuko soilik. Komunitatearen ideia ere erdigunean egongo da. Dantza kolektiboaren bidez, adin, genero eta jatorri desberdinetako pertsonak elkartuko dira plazan. “Eskutik helduta eta elkarrekin dantzatuz ere herria eraikitzen da”, azpimarratu du.

“Ni”-tik “gu”-ra

Ikuskizunaren oinarrian Juan Antonio Urbeltzek urteetan landu duen ideia bat dago: “Ni”-tik “gu”-ra igarotzea. Araolazak gogorarazi duenez, Urbeltzek sarritan esan izan du herri batek ez duela etorkizunik ikuspegi indibidualetik eraikitzen bada. “Euskal kulturak eta Euskal Herriak aurrera egingo badute, komunitatean egin beharko dute”, azaldu du.

Ideia hori dantzan ere islatzen dela diote. Borobilean dantzatzeko moduak batasuna eta elkartasuna irudikatzen ditu, eta euskal dantzetan oso presente dagoen elementua da. “Borobilean dantzatzen dugunean sortzen den sentimendua oso berezia da”, dio Araolazak. Horregatik, dantzaldia ere ikusle guztiei zabalik egongo den ospakizun kolektibo moduan planteatu dute.

300 dantzari eta Joseba Tapia plazan

Emanaldian Agur Intxorta Maite diskoko 11 kanta interpretatuko dituzte. Joseba Tapiak berak joko ditu zuzenean, Iraide Ansorena, Quico Puges eta Arkaitz Miner musikariekin batera. Lehenengo lau piezak azken hilabeteetan entseguetan buru-belarri aritu diren 300 dantzarik eskainiko dituzte. Gehienak eibartarrak izango dira, baina Elgoibar, Ermua, Deba eta Eskoriatzatik ere etorriko dira parte-hartzaileak.

Lehen zati koreografiatu horren ostean, plaza guztientzat zabalduko dute. Kalejirak, baltsak eta dantza herrikoiak egingo dituzte, ikusleak ere parte hartzera gonbidatuz. “Helburua ez da jendea begira egotea bakarrik; gurekin batera dantzan eta ospakizunean parte hartzea nahi dugu”, azaldu du Araolazak.

Quico Puges. Arkaitz Miner, Joseba Tapia eta Iraide Ansorena. Argazkia: Idoia Lahidalga.

Memoriaz eta zintzotasunaz

Elkarrizketaren amaieran, memoria historikoaren inguruko hausnarketa ere egin du Kezkako kideak. Azken urteetan zabaldu den berrikuspen historiko jakin baten aurrean, memoria lantzerakoan zorroztasuna eta zintzotasuna beharrezkoak direla defendatu du.

“Egia da denek sufritu zutela, baina ezin dugu ahaztu militarrek Errepublika legitimo bat zapaldu zutela eta ondoren 40 urteko diktadura etorri zirela”, adierazi du. Bere ustez, gertatutakoa gogoratzea eta testuinguruan jartzea ere memoria ariketaren parte da.

Horregatik guztiagatik, datorren zapatuko emanaldia ez da izango dantza ikuskizun bat soilik. Memoria, komunitatea eta herri kultura plazan partekatzeko gonbidapena izango da.