On Ekin eta Marketing Day ekimenen edizio berriak martxan jarri ditu Ekingunek

On Ekin eta Marketing Day ekimenen edizio berriak martxan jarri ditu Ekingunek
2021/09/16 10:14
eta kitto!
Ekingune Eibarko ekintzaileen elkarteak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean On Ekin eta Marketing Day ekimenen edizio berriak aurkezteko. “Egoera sozioekonomiko nahasia bizi dugu, baina horrek, atzera bota beharrean, ekintzaile izatera animatzen gaitu”, Jon Iraola alkateak adierazi duenez.

On Ekin da herriko ekintzaileen ideiak eta proiektuak saritu eta ezagutzera emateko ekimen garrantzitsuena. “Sari ekonomikoa lortzeaz gain, ideiak eta proiektuak saltzeko erakusleihoa da, eta bezeroak lortzeko edo kontaktuak egiteko balio dezake”, Leire Berasaluze Ekinguneko presidentearen arabera.

Aurten 9. edizioa egingo dute eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, urriaren 8ko 12:00ak arte (info@ekingune.com helbidera idatzita). Gero, epaimahaiak proiektu batzuk aukeratu ondoren, urriaren 28an lanak Armeria Eskolan aurkeztuko dituzte. Bertan, hiru proiektu sarituko dituzte eta lehenak 1.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak 500 euro eta hirugarrenak 300 euro (azken hau Mariella Saitz Martinezen eskutik, AXA Aseguruen Agente Esklusiboa Eibarren). Gainera, ikusleek gustokoen duten proiektua aukeratu ahal izango dute. Afarira joateko 5 euro ordaindu beharko dira eta 100 lagun sartu ahal izango dira gehienez (www.ekingune.com webgunean eman daiteke izena).

 

Bertako merkataritzaren aukerak

Marketing Day ekimenari dagokionez, irailaren 29an, 10:00etan, egingo da 4. edizioa. Armeria Eskolan izango da saioa, baina streaming bitartez jarraitzeko aukera emango dute antolatzaileek. Horretarako, Ekinguneren webgunean eman beharko da izena.

Aurtengo edizioaren goiburua “Zer nahi dute bezeroek bertako merkataritzara itzultzeko?” da eta Ekinguneren eta ekitaldian parte hartuko duten adituen esperientziak denon eskura jarriko dituzte, marketingaren bitartez herriko merkataritzari bultzada emateko. “Ekimen garrantzitsua da marketingaren inguruan ikasteko, eta azken joeren berri izateko eta hauek aplikatzeko”, Vanesa Hortas Ekinguneko enpresa aholkulariaren arabera. “Merkataritzaren sektoreak aldaketa momentua bizitzen dihardu (horren adibide da Eibarko El Corte Inglesen gertatu dena) eta ekimen hau garrantzitsua izan daiteke herriko merkatarientzat”, bere iritziz.

Celestino Martinez izango da aurtengo edizioko hizlari izarra. Retail marketingean aditua da (hau da, txikizkako salmentaren marketingean) eta bertako merkataritza berritzeko, dinamizatzeko eta prestatzeko proiektuetan egiten du lan. Eta bestetik, herriko zenbait merkatarik euren esperientziaren berri emango dute (Farmalur eta Farmacookeko Zaloa Otaduik, adibidez), egindakoa besteentzat baliagarria izan daitekelakoan.