On Ekin lehiaketako irabazleak eguenean erabakiko dira, Errebal Plazan egingo den ekitaldian

On Ekin lehiaketako irabazleak eguenean erabakiko dira, Errebal Plazan egingo den ekitaldian
2023/10/23 12:17
eta kitto!
Ekimen elkarteak antolatutako On Ekin ideia eta proiektu enpresarialen 11. edizioaren irabazlea aste honetan, eguenean  Errebal Plazan egingo den ekitaldian erabakiko da. Jon Iraola Eibarko alkateak eta Vanessa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Prestakuntza Saileko zinegotziak barixakuan aurkeztu zuten amaiera-ekitaldia, Elena Gisasola Ekinguneko presidentearekin eta Leire Berasaluze elkarteko zuzendariarekin batera. Azaldu zutenez, “hautagaitzak aurkezteko epea urriaren zortzian amaitu zen. Guztira 16 ideia eta proiektu jaso ditugu, denak ere oso arlo ezberdinekoak: elikadura, osasuna eta ongizatea, kirola, osagarriak, zerbitzuak, turismoa edo app-ak. Bigarren fasea urriaren 26an Errebal Plazan egingo da. Bertan, hitzaldi bat eta afari bat egingo dira, eta On Ekin sariaren eta herri epai-mahaiaren sariaren irabazleak zeintzuk diren erabakiko da”.

Egueneko ekitaldian, 19:00etan ongi-etorria egingo zaie bertaratutakoei, eta photocall bat egingo da. Ondoren, Nagore Garcia Sainz aholkulari, komunikazio-prestatzaile eta sektore sozialean adituak ¿Cómo conseguir comunicar tu proyecto para conseguir impacto positivo? hitzaldia emango du. Ondoren, 20:00etan, hautagaiek beraien ideia eta proiektuak aurkeztu eta gero, irabazleen izenak esango dira. Eragile ekonomiko eta sozialez osatutako epai-mahiak erabakiko du zeinek eramango duen 2.000 euroko On Ekin 11. Saria. Bestalde, ekimenera joaten direnek botoa emango dute, herri epai-mahaiaren 1.000 euroko saria hautatzeko (sari horri 5 euro gehituko zaizkio ekimenera joateko egindako izen-emate bakoitzeko). Sari-banaketa afariaren ondoren egingo da, eta ekitaldia 23:00etan amaituko da, familia-argazki batekin.

Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, https://ekingune.com/on-ekin webgunean.