ON NATURA, Debabarrena eskualdeko turismoa ardatz
Proposamena Debegesak bultzatzen duen Heldu! ekintzailetzari laguntzeko programan egin da eta, ingurumen-sentsibilizazioa, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeaz gain, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzea du helburu. "Zaletasunak eta grinak eraman naute honaino. 20 urte baino gehiago daramatzat mendizaletasuna eta alpinismoa praktikatzen. 2017an behe- eta goi-mendiko ibilbideetako mendiko gidari titulua atera nuen. Naturarekin eta mendiarekin kontaktua izatea gustatzen zait. Eta nire pasioa lanarekin lotzea nahiko nuke", azaldu digu Diegok.
On Naturan, batez ere, natura eta mendi-ibiliak eskaini nahi dituzte, naturan bizipenak sortuz, ibilbideetatik hasi eta egun bateko edo biko bizipenetaraino. "Inguru naturala ezagutarazi nahi dugu, eta naturan ibiltzeko esperientzia aberastuko duten beste jarduera batzuekin konbinatu, hala nola, mendiko aterpeetan gaua igaro edo landa-inguruneko bisitak egin eta bertan egiten diren jarduerak ezagutu (gazta, ogia edo sagardoa nola egiten duten, esate baterako). Halaber, mendizaletasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak irakatsi nahi ditugu. Eta abentura-parkeetara bisitak antolatzea ere aurreikusten dugu", esan digu Diegok.
Azken batean, On Naturaren helburua jarduera-mota gidatu, seguru edo kontzientea egitea da. "Hasiera batean hori Debabarrena eskualdean eskaini nahi dugu. Aukera horiek ematen dituen ingurune zoragarria daukagu. Gainera, eskualdean turismo-eskaria handitzen ari da, eta turistek bisitatzen duten tokiarekin konektatzeko aukera ematen duten esperientziak bilatzen dituzte. Debabarrenean ondare natural, historiko eta kultural handia dugu esperientzia horiek guztiak eskaintzeko", esan digu Diegok.