Organikoa eta ontzi arinak atez ate biltzeko zerbitzu berria jarriko da martxan Eibar eta Elgoibarko merkataritza eta ostalaritzan
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna harira, gaikako bilketa datuak hobetzeko helburu eta konpromisoari eutsiz, Debabarrenako Mankomunitateak, mertakataritza eta ostalaritza establezimenduetan hondakin gehiago atez ateko biltzeko erabakia hartu du. Egun, soilik, kartoia eta papera jasotzen da atez ate, baina urteko azken lauhilekotik aurrera, ontzi arinak eta organikoa ere atez ate biltzeko proba pilotua abiatuko da Eibar eta Elgoibarko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan. Proiektu pilotuak 89.100 euroko kostua eta sei hilabete inguruko iraupena izango du, beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin
Lehen fasean, 40 merkataritza saltokik parte hartuko dute eta ondoren, zerbitzua ostalaritzara zabalduko da, zehazki beste 80 establezimenduetara. Beraz, udazkenetik aurrera, Eibar eta Elgoibarko 120 ostalaritza eta merkataritza saltoki arituko dira proba pilotuan parte hartzen.
Mankomunitatetik azaldu dutenez, "atez ateko bilketa zerbitzuaren helburu nagusia da merkatari zein ostalariei hondakinak gaika bereizteko lana erraztea, hondakinen birziklatze datuak hobetzeko helburuarekin". Proba pilotua hasi eta sei hilabetera, emaitzak aztertuko dira, eta Mankomunitateak ezarritako helburuak betetzen direla eta birziklatze-tasa handitzen dela egiaztatzen bada, proba pilotua beste sei hilabetez luzatu ahal izango da, eta ondoren Debabarrena eskualde osoko merkataritzan eta ostalaritzan ezarriko da zerbitzua. Horri esker, eskualde horretako birziklatze-tasak gainditu eta finkatu ahal izango direla diote Mankomunitatetik.
Hobariak ondo eginez gero
2025etik aurrera, nahitaezkoa da udalerri guztietako etxeko hondakinen tasa bidezkoa izatea, sorreraren araberako ordainketan oinarritua, eta horrek aukera ematen du erabiltzaileak bereizteko, berreskuratze- eta birziklatze-helburuak lortzeko egiten duten lankidetzaren arabera. Halaber, etxeko hondakinen tasa murrizteko aukera ematen du, erabiltzaileek birziklatze tasa areagotzeko hondakinen bilketa bereizietan parte hartzen duten kasuetan.
Gauzak horrela, proba pilotuan parte hartzen duten establezimenduek, hondakinen gaikako banaketa ondo egiten badute 2025 urtean hobaria jasotzea baloratzen ari da Mankomuniatea. Izan ere, gaikako bilketa ez da soilik onuragarria eta garrantzitsua ingurumen ikuspegitik, baita ikuspegi ekonomikotik ere, gero eta gehiago birziklatu, are eta gehiago murriztu daitezke-eta sistemaren kostuak eta horrek erabiltzaileek aurreztu ahal izatea ahalbidetzen du.
Azkenik, Debabarrenako Mankomunitatetik gogorarazi dute, edukiontzi horia ontzi arinei bideratuta dagoela eta gainerako plastikoak, ontzi arinak ez direnak alegia, errefuxara bota behar direla.