Organikoen edukiontzi marroia zabaltzeko txartel elektronikoa erabili beharko dugu
Debabarreneko Mankomunitateak hondakin organikoen edukiontzi marroietarako irekitze elektronikoaren sistema ezarriko du hilabete honetan. Neurri horrekin gure eskualdean bilketa selektiboaren eraginkortasuna handitzea eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzea lortu nahi dute. Martxotik aurrera, edukiontziak erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat edo telefono mugikorreko aplikazio bat erabili beharko dute.
Mankomunitateak emandako datuen arabera, Debabarreneko hondakin-bilketa selektiboaren tasa %53,2koa da gaur egun: “Ekonomia Zirkularrerako Hondakinen eta Lurzoruen Legeak %55eko gutxieneko tasa ezartzen du 2025erako, eta %60koa 2030erako. Helburu horiek lortzeko, eta hondakin organikoen edukiontzietan nahasteak saihesteko, sistema hau ezarriko dugu, hondakinak modu egokiagoan bereizteko eta haien jarraipena errazteko”, adierazi dute.
Horrela, biorresiduen bilketa eraginkorragoa izan dadin, edukiontzi marroiak zabaltzeko sistema elektronikoa jarriko da martxan. Edukiontzi horiek erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat, edo ‘Ireki’ izeneko aplikazioa erabili beharko dute. Mankomunitatetik azaldu digutenez, “poltsa biodegradagarriak lortzeko txartela dagoeneko erabiltzen dutenek etxean jasoko dute txartel berria. Etxean txartelik jasotzen ez dutenek, berriz, euren udalerriko erabiltzaileen arretarako bulegoetan (Eibarren, Pegoran) jaso beharko dute. Horrekin batera, edukiontziak irekitzeko beste aukera bat ‘Ireki’ aplikazioaren bidez QR kodea eskaneatzea izango da. Sistema martxan jartzen denean, orain arteko txartelak baliogabetuko dira, eta ezingo dira erabili”.
Informazioa zabaltzeko kanpaina
Bestalde, sistema berrira egokitzea errazteko, Mankomunitateak “Birziklatzea garbi jokatzea da. Erabili txartel marroia” izeneko kanpaina abiatu du, eskualdeko erakunde eta kirolarien laguntzarekin, eta hainbat ekintza aurreikusi dira: eskualdeko etxebizitzetara informazio-gutunak bidaltzea; herritarrentzako arreta-gune eta informazio-karpak jartzea, txartela jasotzeko eta zalantzak argitzeko; sare sozialen bidezko kanpaina bat abiatzea, sistema berriari buruzko informazio zehatza zabaltzeko; eta arreta-telefonoa martxan jartzea (629 031 252), herritarren kontsultak erantzuteko.
Eibarren tasa bereizia ezarriko da
Aipatutakoarekin batera, Eibarren hondakinen ku- deaketarako tasa bereizia ezarriko dute, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioan oinarrituta. Sistema berria ezartzeko kronograma ere zehaztu dute: Eibarren martxoaren 24tik aurrera derrigorrezkoa izango da txartela edukiontzi marroiak erabili ahal izateko. Sistema berria lehenbailehen martxan ipintzea ahalbidetzeko, bilketa-guneak ipiniko dituzte: gaurtik hasita zapatura arte eta martxoaren 17tik 22ra, Untzagako jubilatuen etxean egongo dira (Untzaga Plaza 1A). Arretarako ordutegia hau izango da: astelehenetik barixakura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta, zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara.