Osakidetzak esterilizazio-zentral berri bat jarri du martxan Mendaroko ospitalean
Osakidetzak esterilizazio-zentral berritzaile bat jarri du martxan gaur bertan Mendaroko Ospitalean. "1,4 milioi euroko inbertsioarekin, zerbitzu horrek instalazioaren bilakaera teknologikoa suposatzen du, asistentzia- eta lan-segurtasun handiagoa emanez, baita efizientzia ekonomiko eta ingurumen-babes handiagoa ere", azaldu dute Osakidetzatik. Esterilizazio-prozesu guztiak unitate honetan zentralizatuta daude, "horrela, Europako eta nazioarteko araudiaren arabera prozesatu ondoren produktu bat `esteril´ dela ziurtatzeko modu bakarra da".
Mendaroko Ospitaleak hemendik aurrera dituen instalazio berriek azken aurrerapenak dituzte. Horiei esker, aurreko ekipamenduarekin alderatuta, jarduera %15 handituko dela diote eta garbi-zikin zirkuituak gurutzatzea eragotziko da.
Esterilizazio-zentral berriak estaldura emango die Mendaroko eta Eibarko ospitaleei, Eibarko anbulatorioari, Elgoibar, Torrekua, Deba eta Ermuko osasun-zentroei eta Itziar, Mendaro, Soraluze, Mallabia eta Mutrikuko kontsultategiei, eta 75.000 pertsonatik gorako biztanleriaren arretaren kalitatean eragingo du.