Ospitalerako lurra erosi eta saldu zuen enpresa desegin da
Eibarko EH Bilduk gaur eguerdian aditzera eman duenez, "azaroaren 28ko Merkataritza Erregistroko aldizkari ofizialak Eibar-Berri S.L, 2006an ospitalaren lurzoruaren salerosketarako propio sortutako enpresa 'borondatezko desegitea' jaso du". Salatu dutenez, "enpresak Otaola Hiribidean Mendiguren y Zarrauak bete zuen lurraren salerosketa, beste jarduerarik ez du izan". Enpresako sustatzaileek operazioan onura handiak izan dituztela gaineratu dute: "2006ko irailean sortu zen enpresa eta urriaren 30ean lurra 3.350.000 eurotan erosi zuen. Erosketarako orubearen balio katastralarekin bat datorren 3.050.00 euroko hipoteka sinatu zuen enpresak Nafarroako Kutxarekin. Hala ere, udalari saltzean, amortizazioak ez ordaintzeagatik atzerapen interes altuak pilatuta zeuden eta hipoteka birnegoziatzen ziharduten. Enpresa sortu zela oraindik lau urte bete ez direla, eta orubeen prezioak jaitsi diren momentuan, PSE-ren udal gobernu taldeak balio katastrala baino askoz gehiago, 6.000.000 euro ordainduta erostea lortu zuen, enpresak egindako inbertsio bakarra eraikina eraustearen gastuak ordaintzea izanda".
Bilduren arabera, "prezioa finkatzeko LKS-ri kanpo-txostena egiteko eskatu zion udalak eta horretarako ez zuten kontuan izan ez balio katastrala ez hipotekaren balioa. Beraz, sektorean prezioek behea jo duten honetan, ia bi milioi euroko onura espekulatiboa izatea ahalbidetu diote Eibar-Berri S.L enpresari". Gauzak horrela, diru publikoa inbertitzen den aktuazioen kudeaketa eta legalitatea Euskadiko Kontu Epaitegiak aztertzeko EH Bilduk Batzar Nagusietan Hazienda batzordeari eskatutakoa berretsita, "horrelakorik ez egiteko PSE, EAJ eta PP alderdien botoen bategitea" salatu dute.