Otsailetik maiatzera bitarteko musika-programazioa aurkeztu du Udalak
Hil honetan hasi eta maiatzera bitartean egiteko bost kontzertu antolatu dituzte, eta Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez Udaleko kultura teknikariak adierazi dutenez, “publiko guztiei zuzendutako programa zabala” prestatu dute. Jarduerak Coliseo antzokian edo Portalean egingo dira.
Programazioa otsailaren 25ean hasiko da, Portalean, 19:00etan, Jussi Jo’Buddy kantari, gitarrajole eta konpositore finlandiarrak emango duen kontzertuarekin. Esandakoaren arabera, “Jussik Finlandiatik igaro diren blues-musikari ia guztiekin jo du, eta baita Estatu Batuetakoekin ere. Oso estilo pertsonala du. Haren musikak bizipoza transmititzen du, eta, gainera, atenporala da, lurrari lotua eta espirituala. 40 urteko esperientziarekin, 16 herrialde baino gehiagotan jo du”.
Martxoaren 16an, 19:00etan, Rodrigo Cuevasek “Manual de Romería" bere diskoa aurkeztuko du, Coliseo antzokian. Rodrigo Cuevasek Gaur Egungo Musiken 2023 Sari Nazionala jaso zuen, bere obraren “berezitasunagatik”, musika tradizional folklorikoa uztartzen baitu herri-musika garaikidearekin. Beste sari batzuk ere jaso ditu: Berdintasun Ministerioaren Ortzadar 2022 Saria, RNEren Ojo Crítico Saria… Sarreraren prezioa 25 eurokoa (17,5 eurokoa, Coliseoaren Laguna txartelarekin).
Apirilaren 13an, 20:00etan, Idoia Asurmendi abeslariak “De amar y desandar” diskoa aurkeztuko du, Coliseo antzokian. Aramaioko artista kanta berriekin dator bere bigarren lana den honetan, maitasunaz, hazkunde pertsonalaz eta egindako ibilbidean sortutako oroimenez hitz egiteko. Urte hauetako bizipenetan barrena egindako bidaia bat da, non, bere estilo bereziarekin, sentiberatasunez, samurtasunez eta folk, pop edo blues musikaz beteriko abestiak dakarzkigun. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da (8,5 eurokoa, Coliseoaren Laguna txartelarekin).
Mikel Gaztelurrutia Eibarko pianojoleak Coliseo antzokian joko du maiatzaren 4an, bere hirugarren lana aurkezteko. Eibartarrak Bartzelonako Goi Mailako Kontserbatorioko piano-lizentziatura amaitu du Carme Undabarrena katedradunarekin eta baita Musika-Hizkuntza eta Pedagogiako lizentziatura ere.
Maiatzaren 11n, 21:00etan, Bewis de la Rosak bere rap rural izeneko estiloaren diskoa, “Amor más que nunca” izenekoa aurkeztuko du Coliseon. Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da (8,5 eurokoa, Coliseoaren Laguna txartelarekin). Artistak bere lehen albuma aurkezten digu, non rap rural kontzeptua garatzen duen, alegia, ikerketa poliedrikoz beteriko nahas-mahas bat, gogoetarako bi ardatz izanik: maitasuna eta mundua.