«P&B Sinfonia», XXII. Eibarko Pintxo Lehiaketako pintxorik onena

Amestik irabazi du pintxo onenaren saria; Kultuk bertako produktuekin egindako pintxo onenarena, eta Gure Kaiolak eskuratu du publikoaren saria.
«P&B Sinfonia», XXII. Eibarko Pintxo Lehiaketako pintxorik onena
2026/11/02 13:17
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Amesti tabernaren «P&B Sinfonia» aukeratu du epaimahaiak XXII. Eibarko Pintxo Lehiaketako pintxorik onena. Urriaren 29an bildu ziren epaimahaikideak Arrate Kultur Elkartearen egoitzan, aurkeztutako proposamenak aztertu eta aurtengo sariak erabakitzeko.

Pintxo onenaren sariaz gain, beste bi sari ere banatu dituzte. Bertako produktuekin egindako pintxo onenaren saria Kultu tabernak eskuratu du, «Txibipintxu» proposamenarekin. Publikoaren saria, berriz, Gure Kaiola tabernaren «Udazkena Kaiolan» pintxoak jaso du.

Epaimahaiak Amestiren pintxoaren produktuen integrazio ona, zapore orekatua eta mokadu arin eta atsegina nabarmendu ditu. Kulturen proposamenari dagokionez, errezeta klasiko bati bertako produktuak gehituta lortutako emaitza goraipatu dute.

Aurtengo edizioaren maila altua ere azpimarratu dute epaimahaikideek, baita aurkeztutako pintxoen kalitatea eta erabakiak hartzeko izan duten zailtasuna ere. Teresa Carmona, Maialen Bergara eta Maria Garay aritu dira epaimahaikide lanetan.

Pintxo onenaren eta bertako produktuekin egindako pintxo onenaren sariek 200 euroko diru-saria eta diploma bana dituzte. Lehenengoaren garaikurra, gainera, Eibarko Udalak emango du. Publikoaren sariak ere 200 euroko diru-saria eta diploma izango ditu.

Sari-banaketa azaroaren 30ean egingo dute, San Andres Azokan. Antolatzaileek parte-hartzaile guztien lana eta ilusioa eskertu dituzte, baita lehiaketa babestu duten Laboral Kutxaren eta Udalaren laguntza ere.