Palestinako sarraskiaren aurrean, ezin beste alde batera begiratu

Eibar Palestinarekin taldeak kaleak hartu ditu Palestinari elkartasuna adierazteko
2024/04/05 11:28
eta kitto!

Iazko urriaren 7az geroztik sutan da Palestina. Egoera ez da askoz hobea izan palestinarrentzat azken mendean, baina egun horretan Hamasek egindako erasoaren ondoren, Israelek are gehiago gogortu du palestinarren aurkako erasoa eta infernu bihurtu ditu euren lurrak. Horren aurrean, eibartarrek ez dute beste alde batera begiratu eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko hainbat ekintza egiten dihardute.

 

Ohituta geunden Israel Palestinako lurrak bereganatzen eta palestinarren bizimodua txartzen ikustera eta, azken hilabeteetako oldarraldiaren ondoren, dagoeneko ohitu gara gero eta hildako, bonbardaketa, bortxaketa eta bestelako jazarpen gehiago ikustera. “Jendearentzat datu bat gehiago bihurtu dira eta gizarte moduan ezin dugu hori onartu”, esan digu Maider Irisarrik. Nordin Ghacham Hachmiounerekin batera egon da gurean Eibar Palestinarekin eta Gerrarik Ez taldeek egiten duten jarduna azaltzeko eta, bide batez, Palestinan gertatzen ari denaren berri eta euren iritzia emateko.

Momentuko egoera zehatza zein den azaltzea ez da erraza, Israelen erasoak egunero gertatzen direlako, baina Eibar Palestinarekin taldekoek datu batzuk eman dizkigute, gaiaren larritasuna datuetatik haratago doan arren. “32.800 lagunetik gora erail ditu Israelek eta 75.300 lagunetik gora zauritu. Bestalde, desagertuak ere ugariak dira”, aipatu digu Nordinek. “17.000 ume hil dituzte. Palestinan, azken dei hilabetetan, azken lau urteetan munduan izan diren gudateetan beste ume hil dituzte”, azpimarratzen du Maiderrek.

Ez hori bakarrik, laguntza humanitarioa eskaintzen duten erakundeetako kideak ere hil dituzte eta, askotan esaten den bezala, gerra bateko lehen biktima egia izaten da. Urrian gatazka hasi zenetik, 135 kazetari baino gehiago erail ditu Israelgo gobernuak. Horrela, euren hilketak eta bestelako ekintzak agerian lagatzen dituztenak isildu ditu eta, era berean, mezua bidaltzen du gauza bera egin nahi duenarentzat. “Gero, kontua da informazioa nola ematen den. Orain arte ia ez da berba egin genozidio batez. Hau gerra bat zela esaten zuten. Gerra batean bi armada daude bata bestearen aurka, hemen Hamas dago, baina Hamasek Israelekin alderatuta duen arma-boterea oso txikia da, ez du zerikusirik. Kasu honetan, Israel biztanleria zibilaren aurka joan da”, Maiderren berbetan.

Urritik hona, Israelek 32.000 palestinar baino gehiago hil ditu, tartean 17.000 ume

Egoera horretan gehiago sakontzen du Maiderrek: “Gazako biztanleak harrapatuta daude, ez dutelako korridore humanitariorik irekitzen. Beste gatazka armatu batzuetan, Ukrainan ikusi den bezala, zibilak ebakuatzen saiatzen dira (gero ikusi da, Sirian adibidez, errefuxiatu zelaietara eramaten dituztela eta han ere egoera ez dela batere erraza), baina kasu honetan gazatarrak hegoaldera eraman dituzte eta irtenbide barik geratu dira. Gainera, bonba kiloak eta kiloak bota dituzte, eta jendeari ez diote aukerarik eman beste inora joateko”, azaldu digu Maiderrek. “Orain, gainera, jendea gosez hiltzen dute. Gosea erabiltzen ari dira arma bezala. Hori egiten da, baina nazioarteko legedia guztiaren kontra doa. Izan ere, gudetan ere arau batzuk bete beharko lirateke”.

 

Historia ezagutu gaur egungoa ulertzeko

Nordinen berbetan, “1948an Israelgo estatua sortu zenetik beti saltatu ditu Nazio Batuen Erakundearen arauak. Hasieran, lurrak banatu zituztenean, Israelek lurren %55 bereganatu zituen eta Palestinak %45. Gainera, gune estrategikoak Israeli eman zizkioten, horrek dakarren abantailekin. Harrezkero, palestinarren lur gehiago inbaditu ditu Israelek”. Dena dela, “nahasmen hau guztia ulertzeko”, historia ezagutu behar dela dio Nordinek.

Azaldu digunez, hasieran kolono gutxi batzuk iritsi ziren Palestinako lurraldeetara eta sasoi hartako argazki bat deskribatu digu. “Errefuxiatu bezala iritsi ziren eta itsasontzi batean ikusi daitezke zera esaten duen kartel batekin: Alemaniarrek gure familiak eta etxeak suntsitu zituzten, ez hondatu gure esperantzak”, kontatu digu Nordinek.

Hasiera batean, “palestinarrek ondo hartu zituzten errefuxiatu horiek”, Maiderrek esan digunez. “II. Mundu Gerraren ondoren judutar askok herrialde arabiarretara egin zuten alde. Adibidez, Larachen (Maroko), nire herrian, sinagogak eta judutarren hilerriak aurkitu ditzakezu eta ondo zainduta daude. Elkarbizitza arazo barik ematen da”, diosku Nordinek. Bere iritziz, gauza bi hauek ondo bereiztu behar dira: “Judutarrak eta sionistak”. Izan ere, berak dioenez, “judutarrak Palestinaren alde daude, manifestazioetara joaten dira palestinarren lurrak direla aldarrikatzera, euren liburuak esaten baitu judutarrek ez dutela lurrik”.

Palestinara iritsi ziren errefuxiatu horien artean, ostera, sionistak zeuden. Theodor Herzl Austrohungariar Inperioan jaiotako kazetari judutarrak sortutako mugimendu politikoari aplikatzen zaio sionista terminoa, 1896an Der Judenstaat (Juduen Estatua) liburua idatzi geroztik. Mugimendu hori hasieran erlijioan oinarritu ez bazen ere, erlijioa erabili zuen erakargarri gisa estatu judua sortzeko.

Liburua idatzi zuenean, Palestina ez zen bere lehentasuna, beste leku batzuk aztertu zituzten nazio berria sortzeko: Argentina, Uganda, Zipre, Kenya, Mozambike, Sinai penintsula edo Kongo, “baina agerikoa zen Palestinara joan zirela eurentzat lur promestua delako. Jaungoikoaren herria direla esaten dute”, esan digu Nordinek.

 

NBE, zertarako?

Maiderren iritziz, “Hego Afrikan gertatu zen apartheid egoeraren antzekoa ematen ari da Palestinan. Bigarren mailako herritarrak dira. Azken oldarraldia gertatu aurretik ere, euren eskubideak zapalduta zeuden: kontrol-puntu pila bat igaro behar zituzten toki batetik bestera joateko, atxiloketak edonoiz... 75 urteko zapalkuntza da”. Gainera, Netanyahu Israelgo presidentearen berbak gogoratzen ditu: “Elkarrizketa batean kamerak itzaltzeko esaten du, baina ez dituzte amatatzen, eta bere plana zein den adierazten entzuten zaio: palestinar guztiekin bukatzea. Orain, Hamasek egindako atentatuekin, hori gauzatzeko aitzakia eduki dute”.

Munduan beste gatazka armatu batzuk daude gaur egun, baina Maiderrek ezberdintasun bat ikusten du Palestinan gertatzen ari denarekin alderatuz: “Giza Eskubideei eta NBE-k duen legediari ez diete kasurik egiten, eta oso esanguratsua da. Beraiek hori egin ahal baldin badute eta inork ez badie ezer esaten, beste bat etorriko da eta berdina egingo du, edo okerrago. Mundu guztiaren begien aurrean egiten dihardute hau guztia eta edozer gauza esaten, oso libre”.

Orain arte ia ez da berba egin genozidio batez, gerra bat zela esaten zuten, baina Israel biztanleria zibilaren aurka joan da

NBE osatzen duten hainbat herrialde Israelen ekintzen aurka agertu dira eta hainbat erresoluzio eman dira (hala nola, Segurtasun Kontseiluak Gazarako berehalako su-etena eskatu du), baina munduko zenbait herrialdek (Txinak, Errusiak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Amerikako Estatu Batuek) beto-eskubidea dute, eta baten erabakiak munduko beste herrialde guztien erabakia atzera bota dezake. “Hori ez da batere demokratikoa”, Nordinen ustez.

Eibar Palestinarekin taldeak borrokan jarraituko du gatazkak jarraitzen duen bitartean eta gutxienez hilean behin irtengo dira kalera manifestazioa egiteko. Gainera, sare sozialen bitartez (Instagram, Telegram eta WhatsApp) euren jardunaren berri ematen dute eta Palestinan gertatzen ari denaren informazio gaurkotua aurkitu daiteke bertan. “Herritar bezala egin dezakeguna da hau salatzea, ez ahaztea eta ez isiltzea”, nabarmentzen du Maiderrek. “Hori onartzen badugu, pixka bat konplize bihurtzen gara”.