Pello Berrizbeitia hirugarren izan da Domusa Teknik lasterketan
Domusa Teknika lasterketa jokatu zen larunbatean, maiatzak 9, Azpeitian eta inguruko mendietan. Lasterketa nagusian, 65 kilometroko eta 7.400 m-ko desnibel metatuko ibilbidean (3.700 m-ko desnibel positiboarekin), 11 eibartarrek hartu zuten parte eta euren artean Pello Berrizbeitia nabarmendu zen, lasterketa hirugarren postuan amaitu zuelarik.
Berrizbeitiak Borja Zubizarreta irabazlea eta Julen Calvó bigarren sailkatua oso gertu izan zituen lasterketa osoan zehar, baina azken txanpan lehen biek alde egin zuten eta eibartarra hirugarren postuarekin konformatu behar izan zen.
Irabazleak sei ordu baino gutxiago behar izan zituen proba egiteko (5:58:55) eta bost minutura iritsi zen bigarrena (6:03:56). Berrizbeitia, bere aldetik, irabazlearengandik 8:27ra iritsi zen, lasterketa egiteko 6:07:22 behar izan zituelarik
11 eibartar
Berrizbeitia ez zen eibartar bakarra izan Azpeitiako irteeran. Izan ere, 11 eibartar lehiatu ziren bertan, denek proba amaitu ahal izan zutelarik.