PELLO BERRIZBEITIA: “Ez zitzaidan burutik ere pasatuko inoiz Munduko Txapelketa batean parte hartuko nuenik”

Korrikalari eibartarra Canfrancen egingo den Trail eta Mountain Running Munduko Txapelketan lehiatuko da
2025/09/18 15:30
eta kitto!

Maiatzean Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK ultra trailean bigarren postuan amaituta, Pello Berrizbeitiak hilaren 27an Canfrancen (Huesca) jokatuko den Trail eta Mountain Running Munduko Txapelketan parte-hartzeko txartela eskuratu zuen. Korrikalari eibartarrak Long Trail proban hartuko du, 82 kilometro egin beharko dituelarik, 5.413 desnibela gaindituz.

Aita izan berri da Pello Berrizbeitia eta, Munduko Txapelketako parte-hartzea gehituta, emozio handiko asteak dihardute izaten berarentzat. Gozatzeko asmoarekin doa Canfrancera, inoiz ez baitzuen pentsatu horrelako lasterketa batean arituko zenik, baina anbizioarekin ere, 10 ordu ingurutan proba amaitu nahian.

 

Egun gutxi falta dira Munduko Txapelketarako. Zelan sentitzen zara?

Gogotsu. Urduri ere banago, Munduko Txapelketa delako, baina gozatzera noa. Azkenean, bertan egotea saria da niretzat.

Nola egiten diozu aurre probari? Helbururik markatu duzu?

Horrelako distantzia luzeetan, postu jakin batean iristea baino, denbora baten barruan amaitzea jartzen dut helburu. Gainera, txapelketan egongo den maila ikusita... 58. postu inguruan nagoela ikusi dut ranking batean eta hortik behera sailkatzea demasa izango litzateke. Beraz, 10 orduen inguruan ibiltzen banaiz, nahikoa.

Espainiako selekzioarekin lehiatuko zara beste hainbat korrikalarirekin. Taldeko taktika edukiko duzue ala bakoitzak bere lasterketa egingo du?

Bakoitzak berea egingo du. Bestalde, badago taldekako sailkapena ere eta taldeko hiru onenen denborak hartzen dira horretarako. Beraz, ahalik eta azkarren iritsi nahi dugu, baina bakoitzak bere lasterketa egingo du, bakarka irabazteak duelako garrantzia gehien.

Long Trail proban lehiatuko zara. Nolakoa izango da?

82 km izango dira, 5.413ko desnibelarekin... Gainera, Pirinioetako lurra gogorra da. Bidea ez da garbi ikusten, nahiko teknikoa da, 2.000 metrotik gero denbora dezente ibiliko gara... Egun gogorra izango da.

Horri aurre egiteko, zein izango da zure estrategia?

Aldi bitan ikusi dut ibilbide guztia. Lehenengo 40 kilometroetan lasai joatea komeni da. Ez duenak ezagutzen hasieran gehiegi sakatzen badu, ez da metara iritsiko. 40. kilometrora indarrarekin iritsi behar da eta hortik aurrera ikusiko dugu.

Lasterketan jatekoa eta edatekoa nola kudeatzen duzu?

Lasterketako jatekoarekin laguntzen didan nutrizionista bat daukat eta azkenengo hilabeteetan hori egon gara lantzen. Beraz, urduritasun kontuengatik ez bada, printzipioz tripetan ez nuke arazorik eduki behar.

Lasterketa berezia izanda, modu berezian prestatu duzu? Espainiako selekzioak baliabide gehiago eskaini dizkizu?

Bere momentuan selekziokoek esan ziguten altuerako entrenamenduekin eta abar lagunduko zigutela, baina azkenengo astera arte ez dugu laguntzarik jaso. Orduan, beste lasterketa bat bezala prestatu dut. Beste helburu batekin, baina beste barik. Entrenamendu batzuk egin ditut horri begira, eta kitto.

Joan den astean kontzentratuta egon zineten, ezta?

Bai, selekzioko kideak Canfrancen egon gara ibilbidea ikusten, baina ez dugu besterik egin.

Zer moduzko esperientzia izan da goi-mailako beste korrikalari batzuekin elkarbizitzea?

Asko ikasten da horrelako jendearekin. Eurak profesionalak dira eta ni ez, korrika egiteaz gain lana egiten dut, eta modu ezberdinean ikusten dut kirola. Ondo dago eurek lasterketak eta entrenamenduak nola planteatzen dituzten ikustea. Demaseko esperientzia izan da.

Ez zara profesionala, baina Munduko Txapelketarako sailkatu zara. Hasi zinenean horrelakorik pentsatzen zenuen?

Ezta gutxiago ere! Aurten ere ez nuen pentsatzen Munduko Txapelketan egongo nintzenik. Nire helburua beti da urtetik urtera hobetzea, urte batean lasterketa batean denbora bat egiten badut, hurrengoan hobetzea. Horregatik entrenatzen dut, gustatzen zaidalako, baina ez profesionala izateko. Gainera, uste dut horretarako berandu dela. Ez zitzadan burutik ere pasatzen inoiz Munduko Txapelketa batean parte-hartuko nuenik.

Lehen futbolean egiten zenuen. Nola pasa zinen korrika egitera?

Gipuzkoar askorik gertatzen zaien bezala, Behobia-Donostian izena-eman eta hori prestatzen hasi zen dena. Lasterketa egin nuen, pikatu egin nintzen egindako denborarekin eta abar, eta korrika egitera engantxatu nintzen. Bestalde, lagun batek mendian egiten zuen korrika eta probatu egin nuen. Behin probatuta, engantxatu egin nintzen. Gozatzeko egiten dut korrika. Mendian libre sentitzen zara. Sasoi betean zaudenean, asko gozatzen duzu mendian korrika egiten. Lehia gustatzen zait, noski, baina nagusitzen naizenean, nahiz eta lehiatzeko gai ez izan, korrika egiten jarraituko dut, kirola gustatzen zaidalako.

Gozatu gozatzen duzu, baina sufrimendua nolakoa izaten da?

Askotan gertatzen da lasterketa bat egin eta esatea inoiz ere ez zarela bertara bueltatuko, baina handik bi egunetara hurrengo urtean lasterketa hori noiz egingo den begiratzen hasten zara. Pixka bat masokistak gara, sufrimendua gustatzen zaigu.

Burua nolakoa den! Lasterketak oso luzeak direnean, nola kudeatzen dituzu buruko kontuak?

Hamar orduko lasterketetan krisi momentu bat edo bi egon ohi dira. Gero, bat-batean, gorputzak buelta ematen dio eta aurrera egiten duzu.

Gaur egun jende askok egiten du korrika mendian. Nola ikusten duzu fenomeno hori?

Batzuetan, lasterketa batean izena eman nahi duzu eta izen-ematea zabaltzen duten momentuan ez bazara apuntatzen, seguruenik kanpoan geratzen zara. Eta hori 400-500 lagunentzako tokia egoten dela! Lehen hori ez zen pasatzen. Hasi nintzenean, lasterketa baino hilabete lehenago apuntatzen zinen, lasai asko. Gainera, izen-emateen prezioak ere igo egin dituzte. Dena dela, errespetuz jokatuz gero, mendian denontzako dago tokia.