Pintxoarekin eta tragoarekin, zientzia hobeto sartzen da

Zientzia eta teknologia herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Tekniker ikerketa zentroak ‘Teknipoteoa’ ekimena jarri du martxan. Formula nahiko erraza da: pintxo eta pote artean, teknologia eta zientziaren dibulgazioa egitea. Horretarako, zentroan lan egiten duten lau lagunek hitzaldi laburrak eskainiko dituzte ekainaren 4an, Depor tabernan.
Pintxoarekin eta tragoarekin, zientzia hobeto sartzen da
2026/05/22 11:28
Ekhi Belar Errasti

Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteak bultzatuta sortu zen Tekniker, Iñaki Goenagaren ekimenez, inguruko enpresen beharrak asetzeko zerbitzuak garatzeko asmoz. Armeriako laborategia lagata, Otaola kalean izan zuen egoitza urte askoan eta, zentro teknologikoaren hazkundearen beharrei jarraituz, Azitaingo poligonora lekualdatu zen 2013an. Eibartik mundura, hainbat proiektu garatu dira bertan eta herrikideei azaldu nahi diete egiten dutenaren zatitxo bat.

Mokadutxo bat izango da, erraz irenstekoa, pintxo bat bezala. Eta pintxoa laguntzeko, tragoak ere ez dira faltako ‘Teknipoteoa’ egitasmoan. Giro lasaian, gai mardulak lurrera ekarriz eta guztion ulermenerako, lau hitzaldi eskainiko dituzte ekainaren 4an, eguena, 18:30ean, Depor tabernako goiko solairuan. Jarduerak ordubete eta ordu eta erdi artean iraungo du, bertan sortzen den giroaren eta berba egiteko gogoaren arabera, galderak egitea ere zilegi delako.

Jarduera irekia izango da, baina aurretik izena eman beharko da orrialde honetan. “Batez ere, zenbat jende etorriko den kalkulatzeko da, gutxienez pintxo eta pote bana gure kontura emango ditugu-eta”, dioskue Teknikerretik.

Horrelako zerbait Eibarren egiten den lehen aldia izango da, baina azkena ez izatea espero dute antolatzaileek, ohiko zita bihurtzea nahi baitute. Mundu mailan bai, horrelako ekintzak egin izan dira eta, besteak beste, ezagunak dira ‘Pint of science’ edo ‘Beer of science’ (eta gertuago, ‘BarLab, zientzia pote bat’) izeneko egitasmoak, garagardo artean zientzia dibulgazioa egiteko.

 

Lau hizlari

Zientzia eta teknologia eibartarrei gerturatzeko, herrian ezagunak diren aurpegiak izango ditugu Deporren: Iban Arriola, Jon Ander Sarasua, Eider Garate eta Andoni Egurrola. Arriolak aurkezpena egingo du eta beste hirurek hitzaldiak eskainiko dituzte, Teknikerren lantzen dituzten gaietako batzuk aurkeztuz.

Arriolaren aurkezpeneko hitzaldiak ‘Teknologiaren garapena Eibartik mundura’ izena izango du. “Teknipoteoari hasiera emateko Eibarko historia teknologikoarekin hasiko gara”, azaldu digute. Badira urteak Eibar makina erremintaren munduan sartu zela, bizikleten garaia, armagintza... Aurkezpen honetan Eibarren industrializazioaren errepaso kronologikoa egingo dugu, iraganetik gaur egunera arte”. Modu horretan, Eibar aztergai izanik, ‘Teknipoteora’ gerturatzen diren entzuleak interpelatuak sentitzea eta euren arreta eskuratzea izango dute helburu.

Arriolaren ondoren, Sarasuaren txanda iritsiko da ‘Birziklatu bai... eta konpondu, zer?’ hitzaldiarekin. “Jasangarritasunari buruz berbetan egiten dugunean, beti ateratzen da klima-aldaketaren gaia. Arazoan sakonduz gero, mundu mailako CO2 igorpenenen % 80 geure eguneroko produktuen atzetik datorrela ikusiko dugu. Badirudi bide zuzena birziklapena dela. Plastikoa edukiontzi horira, papera urdinera, beira berdera... eta kitto!  Jokabide honekin ez dugu asko aurreratuko, birziklatzeak demaseko energia eta baliabide pila bat kontsumitzen dituelako. Orduan, zein konponbide geratzen zaigu? Galdera honen erantzuna galderan bertan dago ezkutatuta”, azaldu digute hitzaldiaren inguruan.

Bigarren hitzaldia Garateren  esku geratuko da eta horren izenburua ‘Errealitatea berridazten: Adimen Artifiziala eta Kuantika’ izango da. “Azken bi urteetan asko entzun dugu Adimen Artifizialaren inguruan eta, askotan, denerako balio duen magiatzat erakutsi izan da. Baina ez da magia, errealitatea interpretatzeko gaitasuna duten algoritmoak dira. Errealitatearen ikuspegia pertsonaren, kulturaren, adinaren eta generoaren araberakoa izan daiteke, besteak beste, baina fisikaren ikuspuntutik bi modutan ulertu daiteke: modu klasikoan edo kuantikoan. Ordenagailu kuantikoak ez dira izango arazo guztien konponbide, baina errealitatea deskribatzeko ikuspuntu berria ekarriko dute”, aurreratu digute.

Azken hitzaldia Egurrolak emango du eta ‘Partikulak azeleratuz, minbiziaren aurkako fisika ikusezina’ izango da bere izenburua. “Minbiziaren aurkako borrokan pentsatzen dugunean, gutxitan imajinatzen ditugu tratamenduen atzetik dauden teknologiak. Hala ere, gaur egungo tratamendu askotan, argiaren abiaduratik gertu bidaiatzen duten partikula ikusezinak erabiltzen dira. Partikula horiek azeleratzeko erabiltzen diren teknologia ezberdinak, hauen funtzionamenduen oinarria zein den eta lantzen ari garen aurrerapausoak azalduko dira hitzaldian”, dioskue antolatzaileek.