Plan Nagusian Txontarako onartutako aldaketari alegazioak aurkezteko epea zabalik
Txontari eragingo dion aldaketa egin diote Eibarko Hiri Antolamendurako Hirigintza Plan Nagusiari eta orain jendaurreko informazio-epea zabaldu dute, interesa duen edonork aldaketari lotutako alegazioak aurkezteko aukera izan dezan. Planari egin dioten laugarren aldaketa da hau eta bertan Txontako Mahaikoen berrordenazio-aurreikuspen guztiak zein etxebizitza berriak eraikitzearen eta enpresak tokiz aldatzearen inguruko erabakiak jaso dituzte. Hasierako asmoa oraingo etxe gehienak finkatzea eta 500 etxe berri jasotzea da, baina etxe batzuk eraitsiko dituzte. Aldaketari buruzko dokumentazio guztia www.eibar.net helbidean kontsultatu daiteke eta, bestela, udaletxera, Hirigintza sailera joan daiteke galdetzera. Alegazioak aurkezteko azken eguna uztailaren 7a izango da eta idatziz egin beharko dira, Pegoran.