Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu

Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu
2020/09/30 06:26
eta kitto!


Atzo arratsaldean Durangoko Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteak batzar nagusia egin zuen. Bileran batutako bazkideek kooperatiba desegitea onartu zuten, zuzendaritza batzordeak proposatutako erabakiak eta neurriak onetsiz. “Erabaki hau egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko aukera”, azaldu zuten.

Aurreratu dutenez, kooperatiba deseginda eta eraikinaren ustiapena etenda, Durangoko Udalaren esku geratuko dira, bai azpiegiturak bai etorkizuneko erabilera.

Prozesuak dirauen bitartean, kultur ekimenekin aurrera jarraitzea aurreikusten dute udazkenean. Udan egin duten moduan, Plateruenako ohiko ostalaritza zerbitzuak itxita egongo dira. Plateruena ikuskizunak daudenean bakarrik zabaltzeko asmoa dute. “Abenduaren 31n amaiera emango diogu orain arteko ibilbideari”, gaineratu zuten batzarrean.

18 urteko ibilbidea
Orain dela hamazortzi urte jaio zen Plateruena Kafe Antzokia, Durangaldean euskalgintzaren erreferentziazko gune baten beharra ikusita, Bi hamarkada hauetan aisialdi eta kulturgintza arloko ekintza asko burutzeko gunea izan da, Durango eta inguruetako herritar guztiei irekia. Urte hauetan goi mailako kultura jendaurreratzeaz gain, sortzaileei laguntzeko bokazioa izan du Plaeruena kulturguneak.