Punk, rock eta ska gaua Eibarko gaztetxean
2017/03/11
09:58
eta kitto!
Eibarko gaztetxeak ska, punkrock eta streetpunk musikaz girotutako jaialdia antolatu du biharko. Gaueko 22:00etatik aurrera hiru taldek emango dute kontzertua, bata bestearen atzetik. Zartako-K taldea Tafallatik (Nafarroa) dator eta osatzen duten gazteek ska estiloa jorratzen dute euren abestietan. JaleO taldea ere Tafallatik ailegatuko da bere punk rock musika zuzenean eskaintzeko prest. Hirukote batek osatutako taldea da hau: Laplaza (gitarra), Dani de Pueyo (bateria) eta Lanas (bajua eta ahotsa), hiru horiek dira JaleO. Eta karteleko hirugarrenak, Oiartzundik datorren Yakovlev42 taldeak punk, rock, streetpunk, hardcore... estilo horretako musika egiten du eta bere kideak Odio, Sutura, Txumatxos eta Artritis taldeetan jardundakoak dira: Enrike (ahotsa), Oihan (bajua), Endika (gitarra) eta Ion (bateria). Kontzertuak gauean hasiko badira ere, gaztetxea 18:00etatik aurrera egongo da zabalik, berotzen joan nahi dutenentzat “musika apartaz girotua”. Sarrerak 3 euro balio du.