Rexcatering proiektua jarri dute martxan elikagai soberakinak murrizteko

JA Mogel ikastolako eta Ego Gain egoitzako jantokietako soberakinak doan eskuratu ahal izango dira vending makina batean
Rexcatering proiektua jarri dute martxan elikagai soberakinak murrizteko
2024/07/12 13:33
eta kitto!

Ego Gain egoitzaren kanpoan Rexcatering makina jarri dute, bertan JA Mogel ikastolako eta zaharren egoitzako jantokietako soberakinak doan hartu ahal izango direlarik. Horren bitartez, jantokietako soberakinak berreskuratuz, beharrak dituztenei elikagaiak eskuratzeko aukera emateaz gain, hondakinak murriztu nahi dira.

Proiektuan, herriko bi zentroez gain, Eibar Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zero Zabor Fundazioak hartu dute parte eta, goizean eskaini dute prentsaurrekoan adierazi dutenez, “proiektu aitzindaria da”.

 

Doan edonorentzat

Rexcatering makina Ego Gain egoitzaren kanpoaldean dago kokatuta, Legarreko frontoiaren alboan. Bertan, egunero Iturburun eta Ego Gainen jasotako elikagaiak jarriko dituzte eta edonork doan hartu ahal izango du bertan eskaintzen dena.

Teknologiarik onena erabiltzen dute janaria ondo egon dadin eta ontzietan agertzen den etiketan elikagaien inguruko informazio zehatza eskaintzen da.

 

Hondakinak murriztu

Gaur egun 24 zentrok hartzen dute parte Rexcatering proiektuan eta, dena ikastetxeak izanik, Ego Gain da egoitza bakarra. “Urrian 34 zentro izatea espero dugu”, azaldu dute Zero Zabor Fundaziokoek.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako lehen diputatu nagusiordeak adierazi duenez, elikagaiei dagokienez, Gipuzkoan 120.000 tonelada inguru galtzen ditugu eta, era berean, 20.000 lagunek jotzen dute Elikagaien Bankura eta antzeko egitasmoetara. “Gainera, hondakinek %50 organikoak dira eta horiek, zabortegietara bidaltzean, metano bihurtzen dira, horrek dakarren kutsadurarekin”.