Ricardo Azkargortak pintura klase-magistrala emango du ostegunean Portalean
Eibarko Artisten Elkarteak antolatu duen saioa 18:30ean hasiko da.
2026/05/18
12:58
Silbia Hernandez Arrazola
Eibarko Artisten Elkarteak antolatuta, eguenean (maiatzak 21) master class-a emango du Ricardo Azkargortak, 18:30ean Portalean. Bergaran jaioa, Azkargortaren margolanetan paisaiak nabarmentzen dira. Horrekin batera, akuarelaren teknika oso ondo ezagutzen du, eta horri buruzko ikastaro ugari eskaintzen ditu. Eibarren egingo duen saioa dohainik izango da.
Bestetik, Eibarko Artisten Elkartearen eskutik zapatuan (maiatzak 16) Eibarko kaleetan egindako hiri-marrazketa jardunaldia arrakastatsua izan zen. Euskadi osotik eta Kantabriatik etorritako artistek hartu zuten parte eta, guztira, 40 bat lagun elkartu ziren. Jardunaldia Eibarko Armagintzaren Museoan marrazten amaitu zuten.



