Rodolfo Epeldek lau metroko tronpa joko du Eibarko Musika Bandaren kontzertuan

Urteko lehen kontzertua eskainiko du bandak igandean, 12:30ean, Coliseo antzokian.
Rodolfo Epeldek lau metroko tronpa joko du Eibarko Musika Bandaren kontzertuan
2026/01/27 17:25
Ekhi Belar Errasti

Igande honetan, otsailak 1, urteko lehen kontzertua eskainiko du Eibarko Musika Bandak, 12:30ean, Coliseo antzokian. Sarrera batzuk oraindik salgai daude eta, urte amaieran gertatu bezala, aretoa betetzea ondo egongo litzatekeela esan digu Andoni Vazquez zuzendariak.

Vazquezek aurreratu digunez, errepertorio aldetik nahiko kontzertu ohikoa izango da, azkenengo pieza salbu, Rodolfo Epelde tronpa-jole handiak eurekin joko duelako eta musika-tresna berezi bat erabiliko duelako.

Eibarko tronpa-joleak mundu mailako ospea du eta kontzertuko azken abestian, Via Claudia (J. De Meij), eszenatokira igoko da. “Via Claudia erromatarren sasoiko karretera bat da, Alpeak gurutzatzen dituena, eta aitzakia horrekin Johan De Meijek bidaia-musikal bat sortzen du. Bidaia horretan, musikaren bitartez kontatzen du nola pasatzen duen bide hau. Beraz, kontzertuan, alpeetako doinua emateko, Rodolfo Epeldek Alpeetako tronpa joko du. Tronpa hau ezohiko instrumentua da guretzat (Alpeen inguruan gehiago ezagutzen da), ia lau metro dituen musika-tresna da eta doinu alpinoak emateko erabiliko dugu kontzertuan”.

Beste piezei dagokienez, honakoa esan digu Vazquezek: “Kontzertua Pepita Greus (P. Chovi) pasadoblearekin hasiko dugu; Katiuskaren (P. Sorozabal) fantasiaren lehen zatia joko dugu; gero, Herri txikiko Jaiak (E. G. Arroitajauregi), fantasia edo asmakizun bat bi zatitan, oso polita; eta ondoren, Ben-Hur pelikularen soinu-banda (M. Rozsa)”.