Rosa Cedron kantaria gaur Coliseoan
Coliseo antzokian kontzertua emango du Rosa Cedron abeslariak gaur (barixakua, hilak 19), 20.30etan. Galiziako abeslariak aurretik ere jardun du gurean, azkenengoz 2011ko irailean. Gaurko kontzertuan kanta berri asko eskainiko dituela aurreratu digute. Gainera, oraingoan berritasun garrantzitsuarekin etorriko zaigu: "Eibarren emandako kontzertuan egon zen norbaiti omenaldia egin nahi dio, kantu bat euskaraz abestuta. Izan ere, omendu nahi duen pertsona oso euskaldun eta euskaltzalea zen eta Rosaren musika asko gustatzen zitzaion. Hain zuzen ere, kontzertuan egon eta hiru egunetara hil egin zen eta euskaraz abestia eskaini nahi dio oraingoan". Bestela, kantariak bere estiloari eutsiko dio: zeltiar jatorriko abestiak, erritmo bizikoak eskainiko ditu ahotsari txeloarekin lagunduta. Berarekin batera Alejandro Barbosa (gitarra) eta Javier Cedron (biolina) arituko dira. Sarrerak 10 eurotan salgai daude, Kutxabanken eta Coliseoko leihatilan.