Rythmachin: “Taldekide bakoitzak bere zigilua du eta horren fusioa egiten dugu, taldea aberastuz”
Taldearen izena daraman diskoa kaleratu du aurten Ryhtmachinek. “Disko dibertigarria”, euren berbetan, taldeak jorratzen dituen estilo ezberdinen erakusle. Entzuleari ondo pasarazten dion lana da, baina ondoen pasatzen dutenak musikariak dira eta oholtza gainean igartzen da.
Orain dela urtebete inguru izan genuen zuen berri eta dagoeneko diskoa atera duzue. Nolako bilakaera izan du Ryhtmachinek?
EKHI: Orain dela hiru urte inguru abesti batzuk egiten hasi nintzen etxean, denbora-pasa bezala, eta gero taldea sortzeko jendea bilatzen hasi nintzen. Lehena anaia izan zen (Ekaitz), bateria-jolea, eta hasiera batean, lokalean sartuta abestiak entseatzen hasi ginen. Segituan Gorka animatu zen, kuadrillakoa eta betiko laguna. Gero, Gorkak gitarra-jolea eta saxofoi-jolea lortu zituen. Hasieran abesti instrumentalak egiten genituen eta Izengabeak lehiaketa parte hartu genuen. Handik urtebetera Maitaneri taldean sartzea aipatu nion, aspalditik elkar ezagutzen garelako, eta animatu eta gaur egungo Ryhtmachin sortu genuen.
GORKA: Esan, tarte horretan saxofoi- eta gitarra-joleak aldatu egin genituela.
Aldaketa horiekin guztiekin, hasierako ideia asko moldatu zen?
EKHI: Bai. Etxean egiten nuena zirriborro moduko bat zen, baina lokalean forma eman genion eta bakoitzak bere estiloa sartu du. Horrela, gure doinua potenteago entzuten da, ez da etxeko zirriborro hori.
Galdera hau musikariei ez zaizue gehiegi gustatzen, baina estiloari dagokionez nolako taldea da Rythmachin?
EKHI: Ez dakit ze estilo jotzen dugun. Agian, hasierako estiloa funkya zen, baina abesti bakoitza mundu bat da. Nik neuk ez dakit definitzen.
GORKA: Fusioa dela esango nuke, mestizaje bat. Estilo asko hartzen ditu barne. Kantu bakoitza oso ezberdina da.
EKHI: Gainera, musikari bakoitza estilo ezberdinetakoak gara eta sortzen den nahaste-borrastea polita da.
Taldeko kideak beste proiektu batzuetan ibili zarete, ezta?
EKAITZ: Denok dugu beste proiekturen bat. Oier gitarra-joleak beste proiektu batzuk ditu eta izan ditu, Gorkak ere bere lanak egin ditu beste talde batzuetan, Ekhik eta nik ere, eta Maitanek agian gutxien, baina badu esperientzia ere. Denok dugu adin bat eta, gehiago edo gutxiago, denok dugu ibilbide bat. Bakoitzak bere zigilua du eta horren fusioa egiten dugu. Horrek taldea aberasten du.
Nola bizi duzue Ryhtmachin? Ze asmorekin?
EKHI: Hasiera batean denbora-pasa zen eta, oraindik ez dugu kontzertu askorik eman, baina ikusten dugu jendeari egiten duguna gustatzen zaiola, diskoa atera dugula... Oso pozik gaude diskoarekin. Bilbon grabatu dugu, 11 abesti ditu eta oso potentea da.
GORKA: Lehenengo gauza ondo pasatzea da. Kontzertuetan ondo pasatzen dugu, hori transmititzen dugu eta datorrena etor dadila.
Diskoa grabatzea helburu garbia zen zuentzat ala nola sortu da aukera?
MAITANE: Hasieran entseatu egiten genuen, ondo pasatzeko batez ere, eta gero kontzertuekin hasi ginen. Orduan, pentsatu genuen entseguekin eta kontzertuekin agian motz geratzen ginela, eta diskoaren ideia agertu zen. Ia-ia nahi barik etorri zen.
EKAITZ: Hori da. Kontzertuak ematen genituen, baina pausu bat gehiago eman nahi genuen. Abestiak eginda zeuden, grabatzeko gogoa genuen eta horrela sartu ginen estudioan.
EKHI: Diskoa grabatzea beti da polita. Bakoitzak bere ekarpen ekonomikoa egin eta joan den abenduan sartu ginen estudioan.
GORKA: Norbere kantuetan soinu ona edukitzea ere denontzat da erakargarria, hau da, gure abestiak kalitate onean entzutea.
Diskoa grabatzeko prozesuak lagundu egin dizue taldearen soinua garatzeko orduan?
EKHI: Bai. Grabatzerako orduan, teknikariak gomendioren bat edo beste eman digu eta zuzenekoetan erabili izan ditugu. Oso aberasgarria da.

Diskoa saltzeko nola moldatzen zarete?
EKAITZ: Gaur egun diskoak ez dira erosten, hori badakigu (barreak). Malabarrak egiten ari gara saltzeko. Kontzertuetan saltzen ditugu batzuk. Bestela, betiko moduan: lagunen artean, familia, ezagunak... Dena dela, pozik gaude saldutakoarekin. Diskoa sare sozialetan entzungo da batez ere.
EKHI: Diskoa nahi duenak gurekin jarri daiteke harremanetan Instagram bitartez (@rythmachin) eta diskoa etxera bidaliko diogu.
MAITANE: 15 euro besterik ez ditu balio. Ez da larregi egin dugun lanaren truke! Hau ez da beste talde batzuen antzera. Alde batetik, oso ona izan daiteke soinu propioa eta estilo berdina edukitzea, baina gure kasuan ez da horrela. Abesti batetik bestera estiloa aldatu egiten da. Talde bitxia eta berezia gara.
EKAITZ: Dibertigarria da, 11 abesti direlako eta ez dutelako lerro berdina jarraitzen. Funkya, reggaea, musika lasaiagoa... aurkitu ditzakegu bertan.
EKHI: Esan dugu abestiak nik konposatzen ditudala, baina disko erdiaren letrak Maitanerenak dira eta hor ere aldaketa igartzen da.
Zeri buruz abesten duzue?
EKHI: Nire abestietan ‘katxondeo’ gehiago egon daiteke eta Maitanerenak sakonagoak dira.
MAITANE: Bizitzari buruz idazten dut: esperientziak, bizipenak...
EKHI: Maitaneren letrak autolaguntzakoak direla esan ohi dut (barreak).
MAITANE: Psikologoa eta irakaslea naiz, eta hor nabari da nire alde profesionala.
EKHI: Abestiak politak dira.
MAITANE: Polita da besteekin norbere bizipenak partekatzea eta, gainera, abestiek harrera ona izan dute. Kontzertuen tokiak ere oso ezberdinak izan dira. Lehenengo kontzertua Soraluzeko gaztetxean izan zen eta azkena Orioko ‘Mola Mola’-n, eta giroa eta bertaratutakoak oso ezberdinak izan dira, baina toki batean zein bestean oso harrera ona izan dugu. Horrek garrantzia handia du nire ustez.
Kontzertuak nola bizi dituzue?
MAITANE: Niretzat opari bat da talde honen kide izatea. Hasieran, kontzertuak beldur pixka batekin hartzen nituen. Oso berbatia naiz eta energia handia dut, baina jendearen aurrean aritzea pixka bat konplikatzen zait. Elkarrekin sortu dugun energia polit hau besteekin partekatzeko tarteak izaten dira kontzertuak eta pasada bat dira niretzat.
EKAITZ: Kontzertuak dibertigarriak izaten dira.
GORKA: Nik oso ondo pasatzen dut. Elkartu egiten gara, bidaia egiten dugu, barreak, jo, ondo pasatu eta, gero, elkarrekin partekatzen dugu nola pasatu dugun.
EKHI: Kuadrillako plana da ia-ia.