Saguzar-kutxak jartzeko irteera antolatu du Eibarko Baso Biziak plataformak azaroaren 15erako

Urkizuko parketik abiatuko dira 10:00etan, Salbadorrerantz. Hamarretakoa ere egingo dute, plataformak antolatuta.
Saguzar-kutxak jartzeko irteera antolatu du Eibarko Baso Biziak plataformak azaroaren 15erako
2026/11/02 13:35
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Baso Biziak plataformak saguzarren babes-kutxak jartzeko irteera antolatu du azaroaren 15erako, domekarako. Parte-hartzaileak 10:00etan elkartuko dira Urkizuko parkean, eta handik Salbadorrera igoko dira, saguzarrentzako babeslekuak jartzeko. Eguerdiko 12:00etan, berriz, hamarretakoa egingo dute Salbadorren, plataformaren kontura.

Ekimenaren bidez, saguzarren kontserbazioan lagundu eta ingurunean duten presentzia sustatu nahi dute. Eibarko Baso Biziak plataformak azaldu duenez, saguzarrek funtsezko eginkizuna dute ekosistemetan, intsektuen populazioak modu naturalean kontrolatzen laguntzen baitute. Besteak beste, eltxoak eta sitsak jaten dituzte, eta, horrela, oreka ekologikoari eusten laguntzen dute.

Hala ere, babesleku naturalen galerak eta habitaten eraldaketak mehatxupean jartzen dute saguzarren biziraupena. Horregatik, babes-kutxak jartzeaz gain, zuhaitz zaharrak eta barrunbedunak zein haien habitatak zaintzearen garrantzia nabarmendu dute plataformako kideek.

Irteera Eibarko Udalaren eta Naturzaindia Kontserbazio Biologiaren Elkartearen laguntzarekin egingo dute. Hamar urtetik gorakoentzako jarduera izango da, eta parte-hartzaileek mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatu dute.