Saioa Jimenez San Martin (Psikologia ikaslea): “Emakumeek hitz egiten dutenean gizartea aldatu egiten da”
Datorren hilabetean izango da Psikologia feministaren Kongresua Gasteizen. Zeinentzako izango da?
Hiru eguneko programa daukan kongresua da. Psikologia alorreko ikasle, profesional eta ikerlariei zuzenduta dago, baina psikologia barruan ez dagoen jendearentzat ere bada. Fakultateko ikertzaileak etorriko dira euren ikerketak azaltzera eta herritarrei zabaltzera zer den psikologia feminista eta zergatik den hain garrantzitsua. Aipatu behar da elkarlanean aritu garela Emakunderekin eta Gizonduz ekimenarekin –erasotzaileekin lan egiten duen elkartea–; Naizen elkarteko profesional bat ere etorriko da ume transgeneroak dituzten familien lana azaltzera. Beraz, oso interesgarria izango da bai psikologian interesa duenarentzat, baita ikuspegi feminista landu nahi duen ororentzat ere.
"Feminismorik gabe ez dago psikologiarik" da zuen leloa. Azaldu apur bat ideia hori.
Psikologia ez da inoiz diziplina estatikoa izan. Aurrerapen zientifiko bakoitzak, gizarte-aldaketa bakoitzak eta errealitate berri bakoitzak giza jokabidea nola ulertzen dugun eta praktika profesionaletik nola esku hartzen dugun berrikustera behartzen gaitu. Testuinguru horretan, genero-ikuspegia eduki osagarri izatetik ezinbesteko konpententzia izatera igaro da, psikologia zorrotza, etikoa eta ebidentzia zientifikoan oinarritua gauzatzeko. Funtsean, egoera soziopolitikoa, testuingurua eta kultura barne hartzen dituen ikuspuntu bat litzateke, feminismotik abiatuta. Ezin dugula psikologia aplikatua ulertu genero-ikuspegirik gabe.
Eta praktikan zer da gertatzen ari dena? Genero-ikuspegia kontuan hartzen da?
Hutsune nabarmena dago oraindik. Azken urteotan genero-ikuspegiak indarra hartu duela pentsa genezakeen arren, gizartean bizi dugun ultraeskuinaren gorakadak agerian uzten du ikuspegi hori galtzeko arriskua ere badagoela. Psikologian ere sumatzen da atzerapauso hori, ez bakarrik terapian, baita ikerketan ere. Sinestezina dirudien arren, emakumeak ez dira behar bezala kontuan hartzen. Duela hilabete, esaterako, estatu mailako ikerketa-talde batek menopausiari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen, gizonezkoetan soilik oinarrituta. Harrigarria dirudien arren, psikologian ere alborapen handia dago ikerketetan: patologiak, psikologia klinikoa eta beste hainbat arlo gizonezkoak erreferentziatzat hartuta ikertu izan dira. Horrek esan nahi du emakumeak beste leku batean kokatzen direla, eta haien esperientziak eta ezaugarriak ez direla behar bezala aintzat hartzen. Diagnostikorako eskuliburuak ere horren adibide dira: nahasmenduak definitzeko eta diagnostikatzeko erabiltzen diren irizpide asko gizonezkoetan egindako ikerketetan oinarritzen dira. Eta emakumeak? Non geratzen dira? Azken urteotan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik hutsune handia dago, eta asko dago ikertzeko. Horregatik aukeratu dugu «Feminismorik gabe ez dago psikologiarik» leloa. Psikologiak giza jokabidea ulertzea du helburu, eta jokabide hori ezin da ulertu pertsonen testuingurua kontuan hartu gabe. Testuinguru soziopolitiko horretatik feminismoa kanpoan uztea, beraz, giza errealitatearen eta portaera ulertzeko funtsezko ikuspegi baten zati handi bat bazterrean uztea da.
Zer ekarpen egiten dio feminismoak psikologiari?
Feminismoak psikologiari eta, aldi berean, psikologiak feminismoari egiten dion ekarpena da pertsona bakoitzak bizi duen hori sakonago ulertzea. Azkenaldian, psikologia oso bideratuta egon da antsietatearen gorakadari erantzutera, botikak ematera eta abarretara. Gaur egun hiperproduktibitatearen gizartean bizi gara, eta pilula batek produktibo izaten jarraitzea ahalbidetzen badizu, pilula hori hartzen jarraituko duzu, zer gertatzen zaizun eta zure testuingurua zein den aztertu gabe. Feminismoak genero-ikuspegia eransten dio psikologiari eta pertsonen izaera ulertzeko moduari. Guretzat, pertsona bakoitzaren errealitatea ulertzeko ezinbesteko testuinguru-elementua da hori. Baliteke genero-ikuspegia aplikatzen ez duten terapeutak egotea, baina guretzat, eta bereziki ikasle gisa, oso beharrezkoa da ikuspegi hori txertatzea. Emakumeek hitz egiten dutenean gizartea aldatu egiten da.
Zer harreman dago indarkeria matxistaren eta osasun mentalaren artean? Zer ondorio ditu indarkeria hori jasaten duten emakumeengan?
Arlo klinikoari erreparatzen badiogu eta ondorioez hitz egiten badugu, ezin dugu ahaztu indarkeria matxista indarkeria mota bat dela, arrazakeria izan daitekeen bezala, eta inpaktu handia duela pertsonengan. Indarkeria hori jasan duten emakumeen artean, ohikoak dira estresarekin lotutako nahasmenduak, antsietatea, depresioa eta trauma osteko estresaren nahasmendua. Indarkeria matxistak denoi eragiten digu, ez baita une jakin batean gertatzen den eraso fisiko edo jazarpen isolatu batera mugatzen. Egiturazkoa da, eta gizartearen antolaketan eta harremanetan txertatuta dago. Horregatik, haren ondorioak oso lotuta daude osasun mentalarekin: indarkeria ez da gertakari isolatu gisa ulertu behar, baizik eta horri eusten dion egitura osoa kontuan hartuta. Jazarpena sistemikoa denez, osasun mentalean duen eragina ere sakonagoa eta zabalagoa da.
Eta hezkuntzak zein paper izan beharko luke ikuspegi horretan?
Badaude irakasle zehatzak fakultatean zein ikastetxeetan genero-ikuspegia eta transfeminismoa oso barneratuta daukatenak eta euren irakaskuntza horrela bideratzen dutenak, baina kasuan kasukoa da; oraindik ez da babes sistemiko bat, nahiko puntuala baizik. Orientatzaile-papera batzuetan ez dago behar bezala aitortuta edo babestuta, eta hor hutsune handia dago. Dena dela, ez da hezkuntzak bakarrik landu beharreko zerbait, etxeetatik eta oinarritik etorri behar du.
Zelan animatuko zenuke jendea kongresuan parte hartzera?
Azaroaren 12an eta 13an Gasteizko EHUko Ingeniaritza Eskolako areto nagusian egingo da, eta 14an Gasteizko Udalaren laguntzarekin Europa biltzar-jauregian egingo dugu, ukitu formalagoa eta instituzionalagoa emateko. Mundu guztia dago gonbidatuta. Sarrerak salgai daude oraindik, eta beherapenak daude ikasleentzat nahiz langabezian daudenentzat. Izena emanda eta sarrera erosita parte har daiteke. Informazioa Psikologiako Ikasleen Elkargoaren webgunean (CEP-PIE) eskura daiteke. Eibartar guztiak gonbidatu nahiko nituzke kongresura etortzera edo, Gasteizera bertaratzerik ez badute, online jarraitzera. Niretzat, Eibarrek paper garrantzitsua jokatzen du gai honetan; izan ere, betidanik izan da espiritu kritikoa eta sustrai feministak dituen herria. Horregatik erabaki dut elkarrizketa hau egitea: mezu hau nire herrian ere zabaldu nahi dudalako.
Jende asko zaudete elkargoan? Nola antolatzen da kongresua?
Estatuko unibertsitate guztietako ordezkariak gaude elkartuta, guztira 150 pertsona inguru. Printzipioz, unibertsitate bakoitzak hartzen du ekimena, eta bertako ikasle-kontseilua arduratzen da kongresua antolatzeaz. Elkargoko nahi duen edonork parte hartu eta lagundu dezake, baina aurtengo kongresuaren antolaketa, batez ere, Psikologia Fakultateko eta EHUko ikasle-kontseiluen esku dago, elkargoaren laguntzarekin. Kongresua urtero unibertsitate desberdin batean egiten da, txandaka; aurrekoa Valentzian izan zen. «Nazioartekoa» deitzen diogu Latinoamerikan hainbat egoitza dituen psikologia-institutu baten babesa dugulako. Gainera, saioak streaming bidez emango dira, eta horri esker, jende askorengana iristeko aukera izango dugu.
Eta zergatik erabaki zenuen psikologia ikastea? Argi zenuen hasieratik?
Txikitatik izan dut oso argi. Gaztetatik erreparatzen nion jendearen jokatzeko eta pentsatzeko moduari, eta jakin-min handia sortzen zidan horrek: zerk eramaten du pertsona bat horrela jokatzera edo pentsatzera? Interes berezia izan dut beti familia-eredu ezberdinetan, aniztasunean, inklusioan eta berdintasunean. Garbi nuen nire burua psikologiaren arloan ikusi nahi nuela, indarkeria matxistaren biktimei laguntzen eta indarkeria horren zergatiak ulertzen. Alegia, ulertzen saiatzen ea pertsona jakin batzuen jokabidearen ondorio den ala egiturazko arazo bat dagoen atzean, eta zergatik elikatzen dugun denok, neurri batean, sistema hori. Ideia hori izan dut buruan karrera osoan zehar, eta horrek bultzatu nau laugarren mailan arlo honetan sakontzera.