San Andres elizako egituraren egur batzuk XIII. mendekoak dira
Urtarrilean urtebete beteko da San Andres eliza itxi behar izan zutenetik. Izan ere, 2023ko urtarrilaren 19an gangako dobela bat koroaren gainean jausi zen eta, ikuskaritzaren arabera herritarren segurtasuna bermatzerik ez zegoela iritzi zutenez, eliza ixteko erabakia hartu zuten.
Urte honetan hainbat ikerketa egin dituzte San Andres elizan eta bere egoeraren inguruko hitzaldia eskaini zuten azaroaren 27an Portaleko areto nagusian. Elizan gertatzen ari dena eta gertatuko dena azaldu zuten, eta proiektua aurrera eramango duten arkitektoak etorri ziren horretarako.
Egindako ikerketak
Elizaren egoeraz gain, arkitektoek datu bitxi bat eman zuten jakitera: egituraren egur batzuk XIII. mendekoak dira. Gainera, egindako ikerketen arabera, 138 patologia aurkitu dituzte. Izan ere, Iosu Benito Teknikaliako teknikariak adierazi zuen egurrezko egituran anomaliak atzeman dituztela: suteak, termitak, hezetasuna, onddoak eta birmoldaketa desegokiak.
Azaldu zuenez, egurrezko egiturak ezin ditu elizaren gangak ukitu, baina urteetako anomalia horiek direla eta, mugitu egin da eta kasu batzuetan zenbait ganga ukitzen ari da. Dena dela, itxita egon den bitartean eraikinaren mugimenduak neurtu dituzte eta, dirudienez, era normalean mugitzen da (eraikinekin normalean gertatzen den bezala).
Aitor Zubia Zetabi arkitektura estudioko kideak Bergarako elizaren adibidea erakutsi zuen San Andres parrokian egingo dena azaltzeko. Sabai osoa desmuntatu behar da, piezaz pieza plazara jaitsi, eta han zaharberritu. Momentuz antzinako egurrezko estrukturak lantzeko modua ezagutzen duten profesionalak badaudela azaldu zuen, baina lanbide horri eustea gero eta zailagoa izango da. Helburua jatorrizko egitura berreskuratzea eta mantentzea da, ahalik eta interbentzio gutxien eginda. Gaur egun, Bergarako San Pedro elizako teilatupea bisitatzeko aukera dago; Eibarren antzerako zerbait egin nahi da.
Obraren gastua
Portaleko areto nagusia bete zuten herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten eta, horiei erantzunez, obraren gastua 1.500.000 – 2.000.000 euro ingurukoa izango dela azaldu zuten. Bestalde, kudeaketa administratiboa kontuan izan gabe (dirulaguntzak, esleipenak...), obraren iraupena urte eta erdikoa izango dela.
Gotzaindegiko ordezkarien berbetan, elizan 500.000 euro inbertitu dute. Horrela, eskerrak eman dizkiete erakundeei eta eibartarrei, eta ondareari ematen dion garrantzia aldarrikatu zuten. Era berean, Jon Iraola alkateak Udalak kultu ondarearekiko duen konpromisoa azpimarratu nahi izan zuen, eta Hirigintza Sailak eta Ego Ibarrak abiarazi duten eraikinen 3D kartografia jarri zuen adibidetzat. San Andres eliza izan zen kartografiatzen lehena; alde batetik, beharrezkoa zelako eraberritzearen proiektua aurrera eramateko; eta bestetik, ondarea digitalizatzea kontserbazioaren eta zabalkundearen tresna baliagarria delako.