Sanjuanetako egitaraua prestatzen hasteko lehen bilera irekia egingo dute etzi

Arrate Kultur Elkartean izango da, 18:00etan, eta Jaixak Herrixak Herrixandakok eibartar eta herriko eragile guztiak animatu nahi ditu parte hartzera.
Sanjuanetako egitaraua prestatzen hasteko lehen bilera irekia egingo dute etzi
2025/02/25 18:55
eta kitto!

Jaixak Herrixak Herrixandakok San Juan jaietara begira lehen bilera irekia egingo du etzi (eguena, otsailak 27), 18:00etan Arrate Kultur Elkartean, “sanjuanetako egitarauari forma ematen hasteko”. Aurreko hilean Arrate Kultur Elkartean egindako aurkezpenean aurreratu zutenez, herriko eragile eta taldeekin elkarlana sustatu nahi du taldeak. Diotenez, Jaixak Herrixak Herrixandakoren dinamikan geroz eta jende gutxiagok parte hartzen zuela ikusita, horrekin kezkatuta, eta egoerari buelta emateko esperantzarekin, barne-hausnarketa egiten aritu dira azken urtean. Gauzak horrela, parte-hartzea ahalik eta zabalena izatea nahiko luketela azpimarratu dute: “Eibartar eta herriko eragile guztiak gonbidatu nahi zaituztegu egitarau herrikoi honetan zuen aletxoa jartzera, hau ez dalako magia, herri-lana baizik!”.