Herriko eragile eta taldeekin elkarlana sustatu nahi du Jaixak Herrixak Herrixondakok

Jaixak Herrixak Herrixandakok prozesu parte-hartzailea burutu du, eta horren berri eman zuten barixakuan, Arrate Kultur Elkartean, herriko talde eta eragile ezberdinen aurrean.
2025/01/29 20:41
eta kitto!

Ilusioaren Deiadarra: Jaixak Herrixak Herrixandako Biziberritzen deitu diote azken urtean taldean egin duten barne-hausnarketari, eta bertatik atera dituzten ondorioak aurkeztu berri dituzte. Barne-hausnarketa egitera bultzatu dituen arrazoia azalduta hasi zuten Kulturalean egindako aurkezpena: “Azken urteetan, Jaixak Herrixak Herrixandakoren dinamikan geroz eta jende gutxiago ari zela ikusi dugu, baita herritarren parte-hartzea jeitsi dela ere: txosnetan txandak egiteko jende falta, egitarauan zehar laguntzeko prestutasun falta… hauek adibide batzuk baino ez dira. Horrek, eta egitarau anbiziotsuak antolatzen jarraitu nahi izateak, ondorio latzak eragin dizkigu. Geroz eta zailagoa da jai herrikoi, feminista, euskaldun eta parte-hartzaileak antolatzea”.
Barnera begira ipintzeko  abiatu zuten prozesua: “Aurkezpena eta lau saio egin ditugu. Dinamika ezberdinen bitartez,  etorkizuneko jardunaz hausnartu dugu, testuinguruan kokatuz, eta sortu nahi dugun jai eredu euskaldun, parte-hartzaile, herrikoi eta feminista praktikara eramanez”.
Atera dituzten ondorioen artean, auzolanaren gainbehera nabarmendu dute: “Ekitaldiak geroz eta jendetsuagoak izan arren, antolakuntzan gero eta gutxiago izan gara, egoera jasangaitza bihurtu arte. Eibarko gazterian potentzial handia ikusten dugu, baina parte-hartzea eta konpromisoa landu behar ditugu, gure lanean ezinbestekoa den auzolanaren kultura sustatu”. 
Ahulgune batzuk ere identifikatu dituzte: “Kontsumora eta gaueko parrandara bideratutako egitarauak nagusitu dira, giro erdaldunean ematen direnak, eta espazioak politizatzeko aukerak kentzen dizkigutenak. Adinartekotasuna eta kulturartekotasuna faltan botatzen ditugu, baita herriko eragile eta elkarte ezberdinekin elkarlana ere. Eta, horrez gain, espazio fisiko baten beharra daukagu, bai txosnagunearentzat, baita JHHren barne antolakuntzarako ere. Jai herrikoiagoak nahi ditugu eta, horretarako, funtsezkoa da eguneko egitarauari buelta bat ematea”. 


Herriko eragile eta talde guztiak inplikatzeko premia 
Lehen pauso modura, jaien antolaketan ekarpenak egiteko modu berriak bilatu dituzte, JHH-ren izaera asanblearioari uko egin barik: “JHHren egituraren eta jaien antolaketaren oinarria herriko elkarte, eragile, eta norbanako taldeek osatzeko apustua egin dugu. Jaien antolaketa herrikoiagoa izateko, herrian jarduten duten talde desberdinen inplikazio zuzena beharrezkoa da. Beraz, JHHren jarduna jaien koordinazio-espazioa izatera mugatuko da”. Talde horiek proiektura erakartzea, hori da aurretik daukaten erronka, baina kementsu hasi dira: “Badugu herria, badugu egitasmoa, eta badugu bidea gure ametsetako jai herrikoietara ailegatzeko. Herritik eta herriarentzat egiten dugu lan. Orain inoiz baino gehiago, animatu eta parte hartu!”.