Sara Martin I. Eibarko Hiria Sari Nagusian irabazle

Sara Martin I. Eibarko Hiria Sari Nagusian irabazle
2018/03/19 17:12
eta kitto!
Sara Martin (Sopela Women`s Team) izan zen txirrindularitzako I. Eibarko Hiria Sari Nagusiko irabazlea elite eta 23 urtez azpikoen mailan. Martinekin batera Cristina Martinez (Bizkaia Durango) eta Ainara Elbusto (DC Ride Vektor) igo ziren podiumera bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren. Euskaldun Txapelketako bigarren proba zen Eibarkoa, baina hemen banatu dira urteko lehen puntuak, Otxandion lehiatu behar zen lehen lasterketa bertan behera geratu zelako.

Eguraldi euritsuarekin jokatu zen atzo herrian aitzindari izan nahi duen emakumezkoen txirrindulari lasterketa hau. Sara Alonso (Bizkaia Durango Euskadi Murias), Ariadna Trias (Sopela Women’s Team) eta Belen Lopez (DC Ride Vektor) egon ziren eguneko lehen ihesaldian, baina berehala harrapatu zituzten.

Lehen saiakeraren ostean, Ainara Elbusto (DC Ride Vektor) izan zen lasterketako protagonista. Behin eta berriz ihes egiten saiatu zen txirrindulari nafarra, baina ez zuen bere arerioak atzean uzteko behar bestelako indarra eduki. Azkenean, Sara Martin, Cristina Martinez eta Elbusto berak okatu zuten garaipena sprintean, eta Martin izan zen azkarrena.

 

Junior eta kadeteak

Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariez gain, junior eta kadeteak ere lehian aritu ziren atzo I. Eibarko Hiria Sari Nagusian. Moreaga Taldeko Andere Basterra izan zen irabazlea junior mailan; eta kadeteetan Garazi Estevezek (Gipuzkoa Ogiberri) irabazi zuen Alba Sanchez (Rio Miera Meruelo) eta Ainara Alberten (Moreaga Taldea) aurretik.