Sari erakargarriak Euskal Herriko Mus Txapelketako Eibarko kanporaketaren irabazleentzat
Martxan da Euskal Herriko Mus Txapelketa eta herrietako kanporaketak ari dira jokatzen gaur egun. Eibarko kanporaketa urtarrilaren 30ean jokatuko da, 21:00etan, Kili-Kili tabernan, eta sari bereziak prestatu dituzte irabazleei emateko. Horrela, bikote irabazleak, Gipuzkoako kanporaketarako sailkapena lortzeaz gain, “otar ikaragarria” eskuratuko du Ibarkurutze fruta-dendaren eta Kili-Kili tabernaren eskutik. Txapeldunordeek, ostera, “ardo botila ederra” irabaziko du.
Debabarreneko beste herriei begira, Debako kanporaketa otsailaren 6an izango da, Zalburdi tabernan, 21:00etan, eta Soraluzekoa egun bat beranduago, Arrano elkartean.
Esan bezala, irabazleek Gipuzkoako kanporaketa jokatuko dute martxoaren 7an, 15:00etan, Antzuolako udal pilotalekuan; eta final nazionala martxoaren 28an jokatuko da Amasa-Villabonan, musa eta jaia uztartuko diren egunean.
Sariak eta izen-ematea
Euskal Herriko Mus Txapelketan 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Txapeldunek, txapela janzteaz gain, 3.000 euro eta lau lagunentzako Karibera bidaia irabaziko dute; eta txapeldun ordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako Karibera bidaia. Gainera, 3. sailkatutik 16.era arte ere sariak banatuko dira, herrialdeko finaletan ere egongo dira garaikurrak eta parte-hartzaile bakoitzak kamiseta pare bat eramango du.
Izena emateko 20 euro ordaindu behar dira eta txapelketaren webgunean egin daiteke agendan norberak bere herria aurkitzen badu. Bestela, herrian nork antolatzen duen edo non egingo den ikusi eta bertan galdetu daiteke izena nola eman.