Saxofoi doinuek berriro hartuko dute herria Eibarsax jaialdiarekin
Datorren uztailaren 5etik 12ra, Eibar saxofoiaren nazioarteko topagune bihurtuko da berriro, Eibarsax jaialdiaren bigarren edizioarekin. Xabier Oruesagasti saxofonista eibartarrak sustatutako ekimenak doako zortzi kontzertu eskainiko ditu Azitaingo ermitan, Portalean eta Udaletxeko arkupetan.
Kontzertuetan nazioarteko musikariak, saxofonista gazteak eta Eibarko publikoa elkartuko dira. Antolatzaileen esanetan, egitaraua herritar guztiei zuzenduta dago, eta saxofoia hainbat formatutan entzuteko aukera eskainiko du: pianoarekin egindako errezitaldiak, ganbera musikako emanaldiak, musika garaikideko proposamenak eta amaierako saxofoi orkestraren kontzertua, besteak beste. «Kontzertu batera datorrenak gozatu ahal izatea nahi dugu, errepertorioa ezagutu ez arren edo inoiz saxofoi-errezitaldi bat entzun ez badu ere», adierazi du Oruesagastik.
Jaialdiak prestakuntza-alderdia ere izango du. Guztira, 16 saxofonista gaztek nazioarteko irakasleekin lan egingo dute aste osoan zehar, klase magistralak jasoz eta publikoari irekitako hainbat emanalditan parte hartuz.
Zuzendaritza artistikoa Xabier Oruesagasti, Juana Palop eta Arno Bornkampen esku dago. Haiekin batera, Xavier Larsson, Sara Zazo, Tobias Borsboom eta Catarina Paiva izango dira aurtengo lantalde artistikoko kideak.
Lehen edizioak harrera bikaina izan zuen, kontzertu guztietan aretoak betez. Aurten ere helburua bera da: kalitate handiko musika Eibarrera ekartzea eta herria astebetez saxofoiaren nazioarteko topagune bihurtzea.
Aurtengo egitaraua:
● Igandea, uztailak 5, 19:30, Azitaingo ermita: Xabier Oruesagastiren irekiera-errezitaldia, Tobias Borsboomekin.
● Astelehena, uztailak 6, 19:30, Azitaingo ermita: Juana Palopen kontzertua, Tobias Borsboomekin.
● Asteartea, uztailak 7, 19:30, Azitaingo ermita: Xavier Larssonen kontzertua, Tobias Borsboomekin.
● Asteazkena, uztailak 8, 19:30, Azitaingo ermita: Arno Bornkampen kontzertua, Tobias Borsboomekin.
● Osteguna, uztailak 9, 19:30, Portaleko Erakusketa Aretoa: Sara Zazoren kontzertua.
● Ostirala, uztailak 10, 12:30, Azitaingo ermita: saxofonista gazteen kontzertua, Tobias Borsboomekin. Antolatzaileen arabera, hitzordu berezia izango da, lantalde artistikoak edizio honetarako batera prestatutako programa aurkeztuko baitu.
● Ostirala, uztailak 10, 19:30, Azitaingo ermita: Eibarsaxeko lantalde artistikoa, kontzertuan.
● Larunbata, uztailak 11, 19:00, Udaletxeko arkupetan, Untzaga plazan: saxofonista gazteen ganbera musika eta saxofoi orkestraren kontzertua.