Saxofoiaren hiriburu bihurtu da Eibar

Joan den domekan, uztailak 5, eman zitzaion hasiera Eibarsax jaialdiaren bigarren edizioari. Iazko esperientzia onaren ondoren, aurten apustua berretsi du Xabier Oruesagasti saxofoi-jole eibartarraren ekimenez martxan jarritako proiektuak eta mundu hainbat tokitatik etorritako saxofoi ikasle eta irakasleak batu ditu Eibarren.
2026/07/09 14:00
Ekhi Belar Errasti

Saxofoiaren inguruan bizi dira aste honetan Eibarsax ekimenean parte hartzen diharduten kideak. Goizean goiz gorputza berotzeko ariketak egiten dituzte Catarina Paiva dantza-irakaslearen eskutik (“musikariek gorputzarekin ere egiten dutelako lan, nahiko arlo fisikoa da”, Xabier Oruesgastiren berbetan), gero klase indibidualak jasotzen dituzte maila goreneko irakasleekin, bazkaltzeko ordubeteko atsedenaldia hartzen dute eta taldeko entseguekin hasten dira bakarkakoekin uztartuz, 19:30ean hasten diren kontzertuekin eguneroko ekintzei amaiera emanez.

Klaseez eta kontzertuez gain, bestelako ekintzak ere egiteko aukera dute parte-hartzaileek. “Ganbera musika (hau da, elkarrekin musika jotzea), laukote klaseak, ensemble edo saxofoi orkestra klaseak... Horrez gain, aste honetan saxofoian buru-belarri gaudenez, gure artean elkarrizketak egiten ditugu, ideiak partekatzen ditugu, irakasleek programa bat nola osatzen duten bertatik bertara ikusten dute... Zerbait kozinatzen ari da gure artean”, Oruesagastiren hitzetan.

 

Goi-mailako ikasle eta irakasleak

Herbehereetatik, Italiatik, Txinatik eta Espainiako erkidego ezberdinetatik etorritako 16 gaztek parte hartzen dihardute hartzen Eibarsaxen bigarren edizioan. “Plaza guztiak bete egin dira eta galbahea pasa behar izan dugu. Goi-mailako ikasleak dira”, diosku Oruesagastik, iaz egindako lan onaren eta saxofoiaren munduan izan duen oihartzunaren seinale. “Lehen edizioa oso ondo joan zen, bai barneko ekintzei bai publikoaren aurrean egindako saioei dagokienez. Adibidez, iaz egon ziren bost ikaslek errepikatu egin dute aurten”, antolatzailearen berbetan.

Oruesagastiren ustez, “ikasleentzat inspirazio astea da. Formakuntza profesionalean daude, baina egunerokoan ez dute hemen sortzen den burbuilarik, ez dute hemen sortzen diren ideiak partekatzeko momenturik, goi-mailako irakasleekin uneoro egoteko aukerarik (bazkaltzen, ibiltzen, klase osteko elkarrizketetan...)... Hau plus bat da, hiru dimentsioko kontu bat. Oso esperientzia praktikoa da”.

Noski, Eibarsaxen dauden ikasleen jakintzak jasotzea ez da nolanahikoa. “Bai, oso jende potentea da”, esan digu Oruesagastik. Antolakuntzaz arduratzeaz gain, bera ere ari da irakasle lanetan eta alboan ditu Arno Bornkamp, Juana Palop, Sara Zazo eta Xavier Larsson, aipatutako Catarina Paiva dantzariaz eta Tobias Borsboom piano-joleaz gain. “Irakasteaz gain, Arno eta Juana Eibarsaxen antolakuntza artistikoaz arduratzen dira. Arno Amsterdameko irakaslea da eta 40 urteko ibilbidea du. Saxofoi klasikoaren munduan oso izen garrantzitsua da... eta hemen dago! Juana gazteagoa da, baina oso jarduera artistiko potentea du, Herbehereetan batez ere, goi-mailako laukote batekin. Xavier Berlineko unibertsitatean irakasle da eta Sara Zazok Bordeleko unibertsitatean plaza lortu zuen orain dela astebete. Bestalde, Tobiasek Netherlands Musica Prize saria irabazi zuen, Herbehereetako oso lehiaketa ospetsua. Gainera, saxofoiaren errepertorioa oso ondo ezagutzen du”, azaldu digu Oruesagastik. “Luxuzko taldea da!”.

 

Ikuskizunak egunero

Domekan eskaini zuten lehen kontzertua, hain zuzen ere Oruesagastiren eskutik, Borsboomek pianoan lagunduta, eta astean zehar, egunero, ikuskizunak egon dira Azitaingo parrokian (eguenekoa Portaleko erakusketa saioan, Sara Zazoren eskutik), 19:30ean. “Kontzertuek oso harrera ona izan zuten iaz eta aurten ere horrela dihardu izaten”, diosku pozik Oruesgasatik. Gu geu astelehenean izan ginen Azitainen, bero handia egin zuen egunean, eta parrokia ia beteta zegoen. “Ba pentsatzen dut egunik eskasena izango dela publiko aldetik, beroaren eraginez”, antolatzaileak esan digunez.

Asteburuan emango zaio errematea Eibarsaxi eta gaur eta bihar zenbait saio eskainiko dituzte bertan aritu diren saxofoi-joleek, ikasleek zein irakasleek. Horrela, bihar, barixakua, 12:30ean, ikasleek ikuskizun berezia eskainiko dute Azitainen. “Astean zehar prestatutako errepertorioa eskainiko dute. Oso lan gogorra egiten ari dira hori prestatzen”, Oruesagastik dioenez. Arratsaldean, ostera, irakasleen txanda iritsiko da, 19:30ean. “Programa oso berezia izango da: saxo duo, laukote eta boskote bana pianoarekin. Amsterdamen eta Alemanian ibili gara entseguak egiten eta mimo handiz prestatu dugu ‘A la russe’ deitu diogun programa. Aurreko mendeko errusiar konpositoreen musika eskainiko dugu”.

Zapatuan, 19:00etan, udaletxeko arkupeetan, itxiera kontzertua egongo da, “sorpresatxoekin”. Hasierako kontzerturako ‘Desplazatu’ deitu dioten pieza sortu dute eta performance moduko bat edukiko du Catarina dantzariak prestatuta. “Gero, ikasleen saxo laukoteak egongo dira eta baita saxofoi orkestra ere. 22 saxofoi-jole batera arituko gara”, aurreratu digu Oruesagastik.