SD Eibar-ek elikagaien truke sarrerak lortzeko kanpaina jarriko du martxan

Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera arituko da elkarlanean eta domekako partidurako sarrerak lortu daitezke dagoeneko
SD Eibar-ek elikagaien truke sarrerak lortzeko kanpaina jarriko du martxan
2025/12/03 12:51
Ekhi Belar

Aurten ere SD Eibar-ek, Elikagaien Bankuarekin elkarlanean, elikagaiak biltzeko kanpaina jarri du martxan. Horrela, domekan Cultural y Deportiva Leonesa taldearen aurka jokatuko duen partidarako sarrera bat emango die abenduaren 1etik, astelehena, elikagaiak ematen dutenei.

Bilketa Ipuruako Orsaixan gunean egingo da, bertan jasoko baitira afizionatuek emandako elikagaiak. Kanpainan parte hartzeko, Orsaixanera jo beharko da domeka baino lehen edo sarrerak agortu arte, ordutegia honakoa delarik: astelehen, martitzen, eguazten, eguen eta barixakuetan, 9:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara, Orsaixan gunean. Partida egunean bertan, 16:30etik 18:30era bitartean entregatu ahal izango dira elikagaiak.

Elikagaien Bankuko arduradunek honako elikagaiak ematea gomendatzen dute: zerealak, lekaleak, esnea, olioa, zukuak, fruitu lehorrak, aurrekozinatuak, kontserbak edo haurrentzako elikagaiak, hala nola esne hautsa edo pototxoak.

Emandako elikagaiekin, pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.