SD Eibar-ek ezustekoa eman eta Juan Bernat fitxatu du
Neguko merkatua amaituta eta inork espero ez zuenean, SD Eibar-ek maila goreneko fitxaketa egin du. Juan Bernat (Cullera, 1993) jokalari gorriurdina izango da denboraldi amaierara arte, kontratua beste denboraldi baterako luzatzeko aukerarekin, eta ekarpen handia egingo dio taldeari aurtengoa ondo amaitzeko helburuan.
Valentzia CF-ren harrobian hezita, lehen taldearekin 74 neurketa jokatu zituen eta, lan ona egin ondoren, Bayern München taldeak fitxatu zuen. Alemaniako talde erraldoian 102 neurketa jokatu zituen lau denboralditan eta hainbat txapelketa irabazi zituen.
Alemaniatik Frantziara egin zuen salto, beste talde erraldoi batera: Paris Saint Germain. PSG-n sei denboralditan egon zen eta 114 neurketa jokatu zituen, han ere hainbat garaikur lortuta.
Azken bi denboraldietan SL Benfica, Villarreal CF eta Getafe CF-n jokatu du eta, talde madrildarrak libre laga ondoren, Eibarren arituko da orain.
Gainera, Espainiako selekzioarekin 11 partidu jokatu ditu, gol bat sartuz.