SD Eibar-en Akziodunen Batzar Orokorra azaroaren 27an egingo da

Gorostiza presidentea klubaren egunerokoa jarraitzen duten hedabideekin elkartu da gaur goizean
SD Eibar-en Akziodunen Batzar Orokorra azaroaren 27an egingo da
2025/10/27 17:11
eta kitto!

SD Eibar-ek azaroaren 27an egingo du 2025eko Akziodunen Ohiko Batzar Nagusia, 19:00etan, Ipuruako prentsa-aretoan. Bertan, Amaia Gorostiza presidenteak gaur egungo egoeraren berri emango du, urteko kontuak eta kudeaketa soziala aurkeztuko dira, elkartearen kontuen kontu-ikuskariaren berraukeraketa egingo da eta, azkenik, galderentzako tokia egongo da.

Azken puntu honi dagokionez, Beti Eibar elkarteak deialdia egin zien SD Eibarren akziodunei, akzioak batuta Batzar Orokorrean galdera batzuk egin ahal izateko.

 

Prentsarekin gosaria

Gaur goizean, urriak 27, Amaia Gorostiza SD Eibar-en presidentea eta Joseba Unamuno klubaren kontseilaria talde eibartarraren egunerokoa jarraitzen duten hedabideekin elkartu dira gosari-informatiboan. Bertan, klubaren bisio estrategikoaren berri eta diru-kontuen azalpenak eman dituzte.

Gosaria aipatu dutenaren arabera, SD Eibar-ek 1,9 milioi euroko galerarekin itxi zuen 2024/25 denboraldia. Hau da, “aurrekontuan adierazten zena baino %20 hobeago”, klubaren berbetan, “doikuntzen eta plangintza estrategikoaren eraginkortasuna islatuz”.

25/26 denboraldirako, SD Eibar-en aurrekontuak 5 milioi euro inguruko defizita aurreikusten du, epe ertain eta luzerako iraunkortasuna lehenesten duen inbertsio arduratsuaren eta funtsezko proiektuak sendotzearen ondorioz, Areitioko Kirol Hiria kasu. “Aurreikuspen hori aparteko diru-sarrerarik ez egoteari zor zaio, hala nola jokalarien transferentziagatiko zuzeneko gainbalioei eta azpiegituretan eta plantillan egin berri diren inbertsioen ondoriozko amortizazio-kargari”, klubak dioenez.

Presidenteak azpimarratu du erabaki horiek plangintza kontziente baten parte direla: “Helburua klubaren aktiboak sendotzea da, Kirol Hiriaren bidez diru-sarrera berriak sortzea eta kirol eta gizarte proiektu guztiak garatu ahal izatea SD Eibar-en egonkortasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe”.

Klubak bere finantzen kontrol zorrotza mantentzen duela dio, “partida bakoitza modu eraginkor eta jasangarrian kudeatzea ahalbidetzen duen kontabilitate analitikoari esker”.

Unamunoren berbetan, “finantza eta ondare egitura sendoa du, klubaren bideragarritasuna bermatzen duena, bere lehen taldeak lehiatzen duen kategoria edozein dela ere, bere aktibo nagusia. Cash flow (kutxako fluxua) negatibotik, ia zazpi milioi eurotik, hiru milioi eta erdira jaitsi gara, eta horrek esan nahi du, diru-sarrerei eta gastu arruntei dagokienez, hobetzen ari garela".

Orain, SD Eibar-en estrategiaren ardatza diru-sarrerak dibertsifikatzea, kostuak optimizatzea eta aktiboen oinarri bat mantentzea da, diru-sarrera txikiagoko aldiei aurre egin ahal izateko, lehiakortasuna eta proiektu estrategikoak arriskuan jarri gabe, Kirol Hiria eta harrobiaren prestakuntza barne. “Ikuspegi horri esker, kluba prestatuta dago ustekabeko edo luzaroko eszenatokien aurrean ere eusteko”, euren ustez.