SD Eibar-en harrobiaren aurkezpena egin zuten atzo, Ipuruan
SD Eibar-en harrobiak 2026-2027 denboraldia aurkeztu zuen atzo Ipuruan, klubeko jokalariak, familiak eta zaleak batu zituen ekitaldian. Aurkezpen instituzionalaren aurretik, prentsaurrekoa egin zuten César Palacios kirol zuzendariak, Raúl del Pozo harrobiko arduradunak, Rocío Candal emakumezkoen futbolaren arduradunak eta Haritz Azurmendi Eibar B taldeko arduradunak.
Palaciosek atzoko egunaren garrantzia azpimarratu zuen, klubeko talde guztiak Ipuruan elkartzeko aukera eman zuelako. Areitioko kirol-hiria martxan jarri ostean, Eibarren kirol-egiturak bizi duen unea ere nabarmendu zuen. «Eibarren indarra harrobia da, bai gizonezkoena, bai emakumezkoena», adierazi zuen, klubak prestatutako jokalariak lehen taldeetara iristeko egiten ari den lana gogoratuz.
Kirol zuzendariak, gainera, harrobiko lana futbolarien prestakuntzatik harago doala azpimarratu zuen. Gazteak pertsona gisa haztea eta ahalegina, sakrifizioa, apaltasuna, lana, elkartasuna eta klubeko kide izatearen harrotasuna bezalako balioak lantzea direla helburu azaldu zuen.
Haritz Azurmendik Eibar B taldeak eta harrobiak azken urteetan izan duen bilakaeraz jardun zuen. Egituraren hazkundea nabarmendu zuen, eta kategoria guztiak sendotzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu, lehen taldeei talentua eskaintzeko.
Raúl del Pozok, bestalde, klubak harrobiaren alde erakutsitako konfiantza eskertu zuen, eta azken urteotan instalazioetan, profesionalizazioan eta gertutasunean izandako aurrerapausoak aipatu zituen. Areitio gazteen garapenerako lan-eremu garrantzitsua dela nabarmendu zuen, eta harrobiko jokalariek lehen taldera arteko bidea egiten jarraitzea helburu nagusietako bat dela esan zuen. Teknikari, koordinatzaile eta laguntzaileei ere aitortza egin zien, klubaren balioak transmititzeko duten zereginagatik.
Rocío Candalek, azkenik, emakumezkoen egituraren hazkundea eta sendotzea azpimarratu zituen. F Ligan lehiatzen den lehen taldetik hasi eta oinarrizko kategorietaraino, jokalarien prestakuntza-etapa guztietan laguntzeko egitura dagoela gogoratu zuen. Areitioko lanaren eta harrobiko jokalariek lehen taldearen dinamikan gero eta presentzia handiagoa izatearen garrantzia ere nabarmendu zuen. Haren hitzetan, harrobia klubaren nortasunaren parte da, eta Eibarren balioak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bidea ematen du.
500 jokalari baino gehiago
SD Eibar-en oinarrizko futbolean 13 talde daude, 9 gizonezkoenak eta 4 emakumezkoenak, eta 300 jokalari baino gehiago. Futbol Eskolako 200 kide inguru gehituz gero, SD Eibarren harrobiak 500 pertsona baino gehiago ditu, lan hori egiten duten talde teknikoak ere kontuan hartuta.
Ekitaldian gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeak izan ziren gazteenak laguntzen.
Aurkezpenari hasiera emateko, Balioak Eraikitzen sariak banatu ziren. Sari horiek klubaren balioak zelaiaren barruan eta kanpoan hobekien irudikatu dituzten jokalariak saritzen dituzte.
Ondoren, aldageletako tuneletik zelai erdirantz atera ziren taldeen ohiko desfilea egin zen, eta ekitaldiaren amaieran Eibarren harrobi osoaren familia-argazki klasikoa egin zen.