Sektore publikoko beharginen eskubideen aldeko elkarretaratzea
Gaur (eguena, hilak 24) sektore publikoko beharginek, udaletakoak eta mankomunitatekoak barne, elkarretaratzea egin dute udaletxe parean LAB sindikatuaren deiari erantzunez. Euren berbetan, "gure eskubide eta lan-baldintzen etengabeko murrizketak eta enplegu publikoaren galera jasaten dihardugu, Espainiako gobernuak hala behartuta: Lan Eskaintza Publiko berrien, eta langileen ordezkapenen debekua, elkarkidetzaren ekarpenenak bertan behera lagatzea, lanaldiaren luzapena, lan-bajen kasuetan lan-sariak jaistea, opor eta baimen egunak galtzea, soldaten jaitsierak (azken adibidea, abenduko aparteko lansaria galtzea), eskubide sindikalak mugatzea…".
Euren egoeraren berri ematen duen idatziak jarraitzen duenez, "foru eta tokian tokiko instituzioek modu ezberdinetan jokatu dute: batzuek zuzenean eta salbuespenik gabe ezarri dituzte inposatutako neurriak, beste batzuek zirrikitu legalak erabiliz eta eragindako kalteak etorkizunean konponduko dituztela esanez partzialki aplikatu dituzte eta, azkenik, beste batzuek neurriok saihestu dituzte eta orain gobernuen errekurtsoen mehatxupean daude. Ondorioz, udal eta foru sektoreko langileon lan-baldintzak desberdinak dira eta, are gehiago, Rajoy-ren Gobernuak iragarri dituen neurri berrien aurrean (EEEak erakunde publiko eta administrazioetan, lansarien jaitsiera berriak, plazen amortizazioak eta enplegu publikoaren suntsiketa…) babes eta segurtasun eza bizitzen dihardugu".
Espainiaren inposizioen aurrean, bertoko instituzioek hitza eta erabakia! goiburuari jarraituta gaur LABek burutu duen mobilizazioarekin "udal eta aldundiei eta bertan agintzen dauden alderdiei, instituzio horietako beharginon eskubideak irmoki defenditzeko eskatu nahi izan diegu. Era berean, PPko gobernuarengandik etorri edo etorriko diren erasoei gogor aurre egin diezaietela ere eskatu nahi diegu, lehenago geneuzkan lan-baldintzak berreskuratu eta, bide horretan, ezinbestekoa den Euskal Herriaren eta bere instituzioen erabakitze-ahalmena aldarrikatu dezatela gaineratuta".