SENIDE, alzheimerra dutenei zuzendutako proiektua
Bost ikasleek ikasketa proiektu gisa sortu dute Senide ideia, eta orain ikertzeko eta proiektua gauzatzeko asmoa dute. Adimen artifizialeko aplikazio baten erabileran zentratutako proposamena da, gaitasun kognitiboak murriztuta dituztenei laguntzeko, telefono-deiei erantzunez, euren senide edo zaintzaileek ezin dutenean egin."Merkatu-ikerketa bat egin genuen eta konturatu ginen bazegoela antzerako gauza bat, baina horretan ez zela inteligentzia artifiziala erabiltzen. Gaur egun inteligentzia artifiziala oso bogan dago eta teknologia oso aurreratuta dago. Kode irekiko teknologiak eskura ditugu gainera. Beraz, berrikuntza horiek oso sinpleak diren aplikazioetan sartzea pentsatu genuen", azaldu digute.
"Dementzia eta alzheimerra daukaten pertsonek, batez ere hasierako fasean, askotan deitzen diete telefonoz euren ingurukoei eta etxekoei. Eta erantzuten ez badiete estutu eta urduri jartzen dira. Aplikazio honek deia txatbot batera desbideratzen du eta, inteligentzia artifizialaren bidez, txatbot horrek bere senidearen ahotsarekin erantzuten dio. Elkarrizketatxo bat eduki dezakete eta hori grabatu egiten da, gero benetako senideak irakur dezan. Txatbotak detektatzen badu pertsona hori arriskuan dagoela (erori egin dela, galduta dagoela edo edozer gauza gertatu zaiola), kontaktuei deitzen die eta, beharrezkoa ikusten badu, larrialdietara deitzen du", esan digute.
On Ekin sariak euren ideia aurrera eramateko bultzada handia eman diela diote irabazleek. "Lehen ez geunden hain seguru, baina asko gustatu dela ikusi dugu eta horrek asko animatu gaitu aurrera egiten jarraitzeko".