Senidetze eguna antolatu dute Eibarko Klub Deportiboak eta Manuel Iradier Txangolari Elkarteak

Otsailaren 28an Arabar Errioxan mendi-irteera eta bazkaria egingo dituzte elkarte bien arteko lotura ospatzeko
Senidetze eguna antolatu dute Eibarko Klub Deportiboak eta Manuel Iradier Txangolari Elkarteak
2026/02/12 10:57
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboak eta Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkartea senidetze harremana sendotzeko ekitaldi berezia antolatu dute otsailaren 28rako. Bi taldeen arteko lotura historikoa ezagutza partekatzetik sortu da, eta harreman hori elkarrengandik ikasteko eta esperientziak trukatzeko baliatu nahi dute.

Egitarauaren arabera, goizeko 8:00etan irteera egingo dute Eibartik, eta Arabar Errioxan zehar Lagran, Peña del Castillo eta Laguardia inguruan ibilbidea egingo dute mendian; ibilbideak 15 kilometro eta 700 metro positiboko desnibela izango ditu. Ondoren, parte-hartzaileek bazkaria izango dute Laguardiako Las Postas jatetxean, eta eguna amaitzean, 18:00 eta 18:30 artean Eibarrera itzuliko dira.

Parte-hartzaile kopurua mugatua da, gehienez 20 lagun onartuko dituzte, eta bazkariaren prezioa 30 eurokoa izango da. Izen-ematea helbide elektroniko bidez (mendia@deporeibar.com), telefonoz (943 20 19 04) edo klubaren bulegoan bertan egin daiteke, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara.