SexuBizi Gune Morea martxan izango da Sanjuanetan

Untzaga plazan informazioa, aholkularitza eta eraso matxisten aurkako arreta eskainiko ditu, eta telefono bidezko zerbitzuaren ordutegia luzatuko dute.
SexuBizi Gune Morea martxan izango da Sanjuanetan
2026/06/15 15:51
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi du SexuBizi Gune Morea berriz ere martxan izango dela San Juan jaietan. Zerbitzuak sexualitateari eta harreman osasuntsuei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu, baita eraso matxisten aurrean arreta eta babesa ere.

Gune mugikorra Untzaga plazan egongo da ekainaren 19an eta 20an 23:00etatik 02:00etara, eta ekainaren 23an eta 24an 00:00etatik 03:00etara. Bertan sexualitateari buruzko informazioa, kondoiak eta sexu-indarkeriari lotutako orientazioa eskainiko dituzte. Horrez gain, sexu-erasoren bat jasanez gero, laguntza emozionala, aholkularitza eta beharrezko baliabideetarako biderapena emango dituzte.

Aurten, gainera, telefono bidezko arretaren ordutegia zabaldu egingo da. Ekainaren 19an eta 20an 23:00etatik hurrengo eguneko 11:00etara egongo da erabilgarri zerbitzua; ekainaren 23an eta 24an, berriz, 00:00etatik 12:00etara. Arreta jasotzeko telefono zenbakia 688 853 440 izango da.

Udalak azaldu du telefono bidezko zerbitzuaren bidez informazioa eta aholkularitza eskainiko direla, eta larrialdi egoeretan arreta emozionala eta babesa ere emango direla, emakumearen segurtasuna lehenetsita.