Sozialistek ez dute arrazoirik ikusten EH Bilduk eskatutako De los Toyosen dimisiorako
Administrazio prebarikazioa delitua egin dutelakoan, EH Bilduk eskatutako Miguel de los Toyos alkatearen dimisioa eta Iñaki Arriolaren inputazioari erantzunez, Eibarko PSE-EEk horretarako inolako arrazoirik ez dagoela dio eta, aldi berean, badagoela Aralarrek egindako eskaera atzera bota duen Auzitegi Kontentzioso-Administratiboaren epai irmoa, Udalari arrazoia ematen diona. Errebal izenarekin ezagutzen den orubea besterantzeagatik eta, ondoren, berriro erosteagatik izan ahal diren irregulartasunengatik inputatu zuen Aralarrek Eibarko alkatea. EH Bilduk ustelkeria, adiskidekeria eta pelotazoaren politika egitea eragozten dio PSEren udal gobernuari eta, orain alkatea den eta "Errebaleko pelotazoa gauzatu zenean" Hirigintza batzordeko presidentea zen De los Toyosekin batera, Iñaki Arriola sasoi hartako alkatearen inputazioa eskatzen du, azken urteotako aforatu izaera galdu duela aprobetxatuz. PSE-EEk Aralarri aurpegiratzen dio, bestalde, orduko eta gaur egungo alkateekin batera, udal teknikariei eta zinegotzi sozialistei salaketa ipini izana eta ez Udalak erabakitakoaren alde egin zuten PNV, EA eta PPko beste zinegotziei. Sozialistek garbi ez jokatzea eragozten diete EH Bildukoei deklaratzera deitu dutelako alkatearen dimisioa eskatzerakoan, kontuan izan barik Eibarko Epaitegiak bitan erabaki duela espedientea artxibatzea.